“Ur geldiari kiratsa dario”, esan ohi da gure artean. Eta barkatuko didazue Urteberriari hain modu bortitzean ematea ongi etorria, baina kiratsaren argazkia da gaur hainbat hedabidetan aurkitu dudana, azal-azalean, lehen orrialdean bertan.
Monarkiaren argazkia da begietan hartu dudana. Borbón etxea. Atzo, aita zen portadetan. Gaur, alaba.
Kristina Borboikoa epaitegietara deitu dute, martxoaren 8an deklaratuko omen du. Epaileak dioenez, dirua zuritzen ibili omen da, eta iruzur egin omen dio Ogasunari.
Juan Karlos Borboikoa telebista eta egunkari guztietan azaldua da egunotan, diskurtso zahar eta geldoarekin. Basamortuko arnas itoa entzun diogu. Itsaso Hilaren kresal errea ikusi dugu haren begietan.
Joko zaharra da Borboi etxekoena. Zaharkitua eta geldoa da haiek diotena. Zaharkitua eta geldoa, haiek egiten dutena. Zaharra, oso.
Atzo eta gaur, ur geldiak, onik ez. Kiratsa besterik ez.