Maria Solana: Erregeak?...Ezta magoak ere!

Euskalerria Irratia 2014ko urtarrilaren 7a

Urte Berri On, lehenik eta behin. Urte Berria abiatu bai, baina berri on gutxi helarazi zaizkigu. Ohi bezala, albistegiak berri txarrez, desastrez eta nahastez beterik datoz.

Hori bai, beti bezala, badira zaharrak berri eta segun eta nork entzuten dituen, on bilakatzen diren berri txarrak.

Esaterako, gaur jakin izan dut, azkenean bai, Cristina Espainiako infanta inputatu dutela. Hots, berri ona askorentzat, txarra bera eta bere etxekoentzat, pentsatzen dut. Etxe onekoa omen, baina ohitura txarretakoa, agerikoa denez.

Monarkia hankaz gora dabil, makuluz lagunduta ere, trakets. Hitz egiten ez dira behin ere oso trebe izan, eta hitza ematen ere, nonbait arazo larriak badituzte. Hor konpon, esanen nuke lasaitasun osoz, estatu-buruaz ariko ez bagina. Zoritxarrez, famili oker horren gora beherek oro kaltetzen gaituzte.

Lotsagarria da eskaintzen duten irudia, baina irudiaz haratago arduraz mintzatzen bagara, erotzeko modukoa da.

Sobran dut monarkia, eta sobran ere estatu español soberanoa. Inork ez dit galdetu, galdeketarik egin, baina erantzuna zein emanen nukeen argi dut. Jakina, iritzia besterik ez da, izan ere, erabakitzeko eskubidea hemen erregea bezalaxe baitabil, makulu birekin, oker, totelka eta legeetatik at.

Tira, urte berria, ohitura zaharrak; errege erridikulua, infanta ustela eta printze ergela. Normala erabakitzeko eskubidea galaraztea. Erabakitzerik bagenu…..

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!