“Gure Jerusalem galdua”, gure ametsetako hiri buruzagia da Iruñea zaharra eta bere karriketan goiti eta beheti dabil Joanes Mailu. Ez da berak amestu zuen gisakoa. Joanes Mailuren ibilerak geografia zabala hartzen du ordea; zaldi gainean ibili da lehorrean eta itsasoetan arraunean. Mailu da protagonista; Axular antagonista, itzal bihurtua ia.
Konkista gauzatu eta nagusitu ondoko Nafarroaz gogoeta ere bada “Gure Jerusalem galdua”, agian etsaiei erraztasunak emateko joerari buruzko gogoeta. “Erresuma eta Fedea” trilogiatik hirugarrena da, Aingeru Epaltza lan handiari begirada oro hartzailea emateko unea. Harekin egin dugu solas 2013 amaitu baino lehentxeago.