Eskuz egindako 'kaxerak'

Euskalerria Irratia 2013ko abenduaren 25a

Argazkian diruditena baino handixeagoak dira kaxerak, 45 zentimetro baitira luze

Panpinak. Baserritarrez jantziak. Eskuz eginak. Zehaztasun guztiak maitasun handiz zainduak. Denak ezberdinak. Horixe da kaxeraz.com webgunearen eskaintza berezi-berezia. “Panpin bakoitza bat eta bakarra da. Begien zein ilearen kolorea aldatzen da, abarkena, gonaren oihalaren estanpatua, zapiarena, mandarrarena…”, hala azaldu digute gaur panpinon sortzaileek, Ihabarko Ainara Escuderok eta Lesakako Rakel Villadangosek, Metropoli Forala saioan. Psikologoa da bata, eta kimikaria bestea. Baina jostorratzak elkartu ditu, abentura berezi honetan.

Panpin bakoitza sortzen, josten, atontzen, ordu asko ematen dituzte, eta azkenean bakoitzari nortasun propioa antzematen diote: “Haiek ez dute hitz egiten, baina guk haiei bai, guk haiei asko hitz egiten diegu. Eta argi sumatzen dugu bata ausartagoa dela, edota bestea lotsatiagoa dela. Begiradan somatzen diegu, edo esertzeko moduan, edo beste edozein detailetan”. Panpinei izenak ere jarri dizkiete: Lur, Maritxu, Sara, Ane eta Amaia. Bost panpin horiek dira abiapuntua, baina jantziak neurrira egiten dizkietenez, esan bezala, panpin denak ezberdinak dira. Oraingoz, soilik internetez eros daitezke. Baina dendetara eramateko asmoa ere badute. Jada Iruñeko Estafeta karrikako denda bateko eraskuleihoan ikus daiteke kaxera hauetako bat. Kukuxumusurena zen dendaren erakusleihoan hain zuzen ere.

'Kaxera' bat, gure estudioan

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!