Gaurkoan ohar etnografiko batekin ekinen diot Euskalerria irratiak eskaintzen didan tartetxo honeri.
Esker emate eguna edo esker on eguna (inglesezThanksgiving Day; frantsesez, Jour de l'Action de grâce) Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako jaiegun tradizionala da. Estatu Batuetan azaroaren laugarren ostegunean ospatzen dute. Ohikoa da bazkari berantiarra egitea familia eta lagunekin, berantiarra diot atsaldeko ordu biak aldera bazkaria hasten delakoz, haiek afaria erraten dioten arren. Oker ez banaiz, etxe edo familia gehienek antzeko menua prestatzen dute: Indiolar errea, bruselaza (colesdebruselas uler gaitezen) baconarekin, halako sagar pure gozoa puxka kurruxkaritxoekin, lekak edo babarrun berdeak, patata purea eta gravy-a. Gravyari garrantzi handia ematen diote eta zera da: haragiak eta barazkiek askatzen duten likidoa bildu eta gatza emanda, arestian errandako platerak laguntzeko saltsa. Deserta edo postre gisa, kalabaza pastela izaten da eta honek, bazkari-afarian edandako ardo guztiari aurre egiten dio, jakina.
Antza, aipatzen ari naizen ospakizuna, jatorri sinkretikoko jaia da. Britaniar irletan ditu erroak, bertan uzta bestak urteko garai horretan egiten ohi zituztelakoz. Adibidez, Endrike VIIIak, badakizue, Aragoiko Katalina, errege katolikoen alabarik gazteenarengadik diborziatu zena. Erreforma protestantea indartzeko, jaiegun katolikoak alde batera utzi zituen eta horien aldean, bankete eta esker emate egunak ezarri. Bankete egunek kalamitateak gogoan hartzeko ospatzen zituzten, Esker Emate egunak aldiz, egun handiak goraipatzeko ziren, ala nola, 1588 urtean Castillako Armadari irabazi ziotenekoa.
Estatu Batuetan, aldiz, tuerkari beste buelta bat eman zioten eta 1863ean, Independentzia gerraren erdian zirelarik, Abraham Lincoln presidenteak egun nazionala gisa Esker Emate Eguna aldarrikatu zuen. Dena dela, diotenez, Estatu Batuetan lehendabiziko Esker Emate Eguna berrehun eta berrogeita hamar urte lehenago ospatu zen, lehendabiziko kolono inglesak, erromes izenarekin ezagunak, Massachusetts inguruan uzta jaldia egiterakoan. Ohiturak dio, besta horretan 90 indio amerikar parte hartu zutela. Nola beste kontu bat izanen litzateke.
Eta hau horrela bazan, sar nazatela kalabazan, eta atera Gorraizeko plazan.
Baina kalabazan sartu aurretik, Jai zoriontsuak eta urte berri on eta alaia opa nahi dizuet euskalerria irratiko entzule eta langile guztiei.