Han barrenean Hondarribia ageri da, elizaren dorrea ikur. Tartean bare bare daude txalupak Bidasoako uretan. Eta hemen, lehen planoan mutil luxe igar hori, eskuak bakeroetako poltsikoetan tinkatuta, ezpainak estutuxe, begiak lenteek lausotzen ez dioten begirada aztiarekin. Amets Arzallusen atzoko irudiak, telebistan eta egunkarietan behin eta berriz ikusten ari garenak, eszenatokia du esanguratsu, eta Arzallus bertsolariak eta Arzallus kazetariak duten zehaztasun horrekin bat egiten du.
Ez dakit propio aukeratuko zuen eszenatokia edo, besterik gabe, kameralariek erabakiko zuten toki hori hartzea fotogenikoa eta telegenikoa delako. Bada aurrekaririk, dena den. Hor nonbait asmatuko zuen Iparragirrek “Hendaian nago txoraturikan” dioen kantaren ahapaldia. Hor kokatu zuen Orson Wellesek “The Land of the Basques”-Euskaldunen Herria dokumentaleko eszena bat, hango barren hura eta hemengo puntta dena bat direla adierazteko. Geografia, oso grafikoa da batzuetan.
Eszenario hori irudikatuz bezala esan du Arzallusek beretzat txapela ez dela ez Iparraldeko ez Hegoaldeko. Baina hor dago Bidasoa baino gotorragoa den muga mentala, eta horri aurre egiteko erabiliko du. Eta dio, txapelak, Hegoaldeari begira, “balio baldin badu agergarriago egiteko batzuetan ahantzirik gelditzen den gure herriko mapa honen alde hau, ongietorria izan dadila”. Nafarroako txapela jantzita ezagutu genuen Arzallus mutiko bertsolaria.