Toño Muro irakaslea: "D ereduari oinarri sendoak dituelako egiten diote eraso"

Euskalerria Irratia 2013ko abenduaren 17a

Abenduaren 18ko manifestazioaren afixa

Hala esan du Iturrama Institutuko irakasleak. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak kudeatzen du zentroa. Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoa da. Ikastetxe arrunta da. Arrunta da nahiz eta eskuin mediatikoak susmo beltzak zabaldu nahi izan dituen azken garaian.

Gainera, irakaskuntzaren kalitatea aitortu izan zaio behin baino gehiagotan ikastetxe honi. Jakina da bertan ibili diren ikasle frankok emaitza bikainak lortu dituztela, baita gerora abiatu dituzten bide profesionalean ere.

Irakasleak eta ikasleak

Toño Muro, literatura irakaslea da bertan. Balerdi Balerdi taldean ere abesten du Gaur, Metropoli Foralean izan dugu. Bere hitzetan, “ikastetxea ETArekin lotzen zuten informazioak hasieran piztu zuten haserrea baretzen joan da. D ereduak oinarri sendoak ditu gure artean eta horregatik egiten diote eraso”. Iruñeko bihotzean kokaturik dago ikastetxea eta hori ere ez omen da agintarien gustukoa. “Saiatzen dira D ereduko zentro publiko gehienak periferian egiten edo bestela toki ezkutuetan paratzen”.

Iturrama Institutuan ikasitako hiru ikasleren hitzak ere jaso ditugu. Maite Mutuberriak esan digunez, “egun ilustratzaile lanetan ari naiz Madrilen eta nire oinarri nagusiak Batxilergo artistikoa jaso nituen, oso gogoan ditut han ikasi nituen gauza asko”

Ekaitz Astiz, raperoa, bertsolaria eta informatikaria da. Herritik etorri berria hiriarekin bat egin zuen ikastetxearen bitartez. “Pertsona fina nintzen garai hartan, gauzak modu egokian egiten nituen nahiz eta gerora friki bat bihurtu naizen nire erruz. Institutuan jaso nituen baloreak galdu egin ditut. Ez zidaten erakutsi egun osoa ordenagailu baten aurrean egoten. Nire ardura da”

Oier Lakuntza kimikaria da eta Tarragonan ari da ikerketa beka batekin lanean. “Bereziki gogoratzen dut lagun handiak egin nituela ikastetxean. Ikasgai nagusia erakutsi zidaten. Adiskideen garrantzia. Oraindik ere eusten diet garaiko lagunei. Bestalde, Lakuntzak ikusteko eta entzuteko mugak ditu eta adierazi digunez “Institutuan aurrera egin nezan oztopoak arintzen lagundu zidaten eta neurria hartzen bizitzari”.

Gurasoak ere, D ereduaren alde

Iturrama institutuko eta Hegoalde, Amaiur eta San Frantzisko ikastetxeetako guraso elkarteek adostutako komunikatuan D ereduari babesa eman diete. Irakasleen lana goraipatu eta ereduaren beraren kalitatea nabarmendu dituzte. Eredu ireki, integratzaile, eleanitza eta duina delako, biharko manifestazioan defendatzera deitu dute. Lau ikastetxe horietako ordezkariak izan dira gaur D ereduaren aldeko mezua helarazten. Baina adostutako idazkiari atxikimendu ugari iritsi zaizkie, gainerako zenbait ikastetxeetako guraso elkarteetatik.

D ereduaren aurka azken hilabetean helarazi diren gezur eta irainak alboratzearen beharra ikusirik, D ereduaren duintasuna erakutsi nahi izan dute gurasoek bat eginda. Izan ere, guraso horiek argi dute D ereduaren hautua eginen dutela beti: zentzu guztietan hezkuntzarik onena eskaintzen duela uste dutelako.

Hortaz, berretsi dute, D ereduaren aurkako kanpainak zerbait lortu badu, ereduarekiko konpromisoa sendotzea izan dela, gurasoak indarberritu baitira eta aurre-matrikulazioaren kanpaina are boteretsuagoa egitea dela orain euren xedea.

Biharko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute gurasoek. Era berean, arduradun politikoei eskatu diete defenda dezatela D ereduko eskola publikoa bere osotasunean. Iturrama, Hegoalde, Amaiur eta San Frantziskoko gurasoekin bat egin dute: Biurdanakoek, Ermitaberrikoek eta Nafarroa Iparraldeko D ereduko ikastetxeetako gurasoek besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!