Patxi Zubizarreta: Artzaina, zakurra eta ni

Euskalerria Irratia 2013ko abe. 9a, 17:54

Orain dela mende bat, gizon bat mendira joan zen, Alpe mendikatea Proventzan barneratzen den ingurumarira. Joan, joan, beti joan, lur lehor eta bakarti hartan, gizon egarritua herrixka abandonatu batera iritsi zen. Baina han ere ez zuen arimarik ere ikusi eta topatu zuen iturria lehor baino lehorrago zegoen, lehor baino lehorrago!

Noizbait ere, gizon bat agertu zitzaion. Han, urrunean. Zakur batekin. Eta gizona ez zen basamortuko irudikeria bat, artzain xume bat baizik.Eta artzainak bere txabolara eraman zuelarik, bidaiariak bere egarria berdindu ahal izan zuen, bere gosea asetu. Baina, halako batean, artzainak zorro batetik ezkur pila bat mahai gainera zabaldu, eta onetan onenak bereizten hasi zen. Eta ezkurrak bereizten jarraitu zuen harik eta ehun ale mardul eta eder lortu zituen arte.

Orain dela ehun urte, ehun ezkur haiek eraman zituen artzainak mendi mortura. Orduan, bidaiariak ikusi zuen, ardiak zaintzearekin batera, artzain bakartiak beste helburu bat ere bazuela: burdinazko makila bat zeukan, eta haren bitartez lurrean zulo bat egin, ezkur alea sartu, hura lurrez estali, eta halaxe ehun haritz landatu zituen.

Mende bat betetzeko hiru urte falta zirela, hau da, artzaina ezagutu, eta handik hiru urtera, bidaiaria berriro ere joan zen Proventzako mendira. Eta artzainak ordurako ehun mila ezkur lurperatuak zituen, ehun mila haritz landatuak. Eta, haritzekin batera, pagoak eta urkiak. Ehundaka. Milaka. Eta urkiekin batera, altzifreak eta akaziak. Ehundaka. Milaka. Eta haizeak ere lagundu egin zion haziak eramaten. Berdetasuna zabaltzen. Eta artzainak halaxe jarraitu zuen Europa astindu zuten bi gerra handietan ere, bere ingurumari bakartian gatazka eta borrokaldiez apenas ezer jakin gabe.

1914ko gerraren ondotik 1939koa etorri zen, eta 1945ean amaitu zenean, gizon bidaiaria, gizon mendizalea irrikaz itzuli zen artzainarengana. Baina ez zuen paisaia ezagutu. Artzaina aguretua zegoen, baina zuhaitzek halako tapiz berdea osatua zuten. Eta tapiza ez zen basamortua, eta are gutxiago basamortuko irudikeria, baso berde eta eder bat baizik. Esperantza bezalakoa. Eta garai bateko herri abandonatuan hogeita zortzi pertsona bizi ziren. Haietako hiru basozainak ziren! Lorategiak zituzten, eta lurra lantzen zuten, eta basamortua oasia bilakatua zen. Eta iturri berrituari, pol-pol-pol, ur fresko baino freskoagoa zerion, fresko baino freskoagoa. Esperantza bezalakoa.

Zuhaitzak landatzen zituen gizona Elzéard Bouffier zen. Gizon bidaiaria, ostera, Jean Giono idazlea. Gerran, suntsipena zer zen ikusi zuena. Artzainarekin, sormena zer den ikasi zuena. Eta hala izan ez bazen, hala izan dadila.

Horra, laburbildua, Jean Giono-ren L´homme qui plantait des arbresliburuaren moldaketa. Hasiera batean, Aitor Aranak itzuli, eta Benito Lertxundik grabatu zuen narrazio pizgarria; eta, geroago, berriki, Mikel Vilches-ek Denon artean argitaletxean itzuli diguna.

Eta hona narrazioak gogora ekarri didana: Joxean Agirreren Adiskide bat banuen nobela. Zergatik? Bai Bouffier-enean bai Agirrerenean zakurra agertzen delako.  Bitxiak dira, gero, ideien arteko loturak! Baina bitxia, benetan bitxia Agirreren Freud izeneko zakurra da.

Nobelako gizonezko protagonistak nahikoa lan dauka sexologoarenean sexu ariketak ikasi eta ikasi ari den emaztearekin, ezinean dabil haren gimnasia erotikoarekin, batez ere berari neska gazte bat gustatzen zaionean, ustez zapatagorri esaten zaion neska horietako bat. Eta, nahastuta, parkera joaten da pentsatzera, edo emaztearekiko enkontru nekagarriak ahalik eta gehien berandutzera. Eta, nahastuta, parkean Freud izeneko zakur bat ezagutu du, eta haren nagusia, honako aitorpena egingo diona: «Duela pare bat urte, zakurra erosi berritan, senarrak bere gauzak hartu eta etxetik alde egin zuenean, biak, zakurra eta bera, depresioan erori zirela erantzun dit, eta elkarri lagunduz atera direla biak onik. Bitartean, Freudek abandonatu sentimentalak atzemateko sena garatu omen zuen. ‘Geroztik ez du hutsik egiten. Maitasunagatik sufritzen duen norbait bidean gurutzatzen badu, zakurra jauziak egiten hasten zaio, bere balakuekin alaitasuna itzuliko diolakoan. Batzuetan beldur pixka batekin etortzen naiz parkera. Izugarria da zenbat abandonatu dabilen. Uhalarekin lotuta eraman behar izaten dut…»

Horra, laburbildua, Freud zakurraren jokamoldea: abandonatu sentimentalei antzematea. Eta hona pasadizoak gogora ekarri didana: ni neu izaten nintzela, gaztetan, abandonatu sentimental horietarik —nor ez?—, eta horri kontra egitera dantzaldietara joaten nintzela —edo ginela—, neskatara, eta gorputza ez bezala, bihotza dantzan hasten zitzaidala Egan edo Akelarre taldeek Txomin Artolaren Txakurren partiaizeneko kantua jotzen zutenean. O tempora, o mores! Bitxiak dira, gero, ideien arteko loturak! Baina bitxia, eta benetan ederra Ruper OrdorikakHamabi azukre koxkor diskoan egin berri duen kantuaren moldaketa, ni atzera-atzera eramaten nauena, eta bihotza beratzen.

Eta zeharka, hona Durangorako hiru gomendio eder. Baina utzidazue Agirreren hitzekin nireari akabera ematen: «Kontatzen dutenez, egunero beheko sua pizten dute Mugaritz jatetxean, neguan zein udan, eguratsean kearen usain etxekoia barreia dadin beste egitekorik gabe, bertara doazen bezeroak etxean senti daitezen». Zeren horixe baita, funtsean, nik, abandonatu sentimental honek literaturan, musikan edo Euskalerria irratiaren konpainian bilatzen dudana, konpainia, adeitasuna, goxotasuna… Freudek parkean antzeman ez diezadan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!