Aitor Etxarte: Bidaien helmuga

Euskalerria Irratia 2013ko abenduaren 9a

Asteburua Madrilen edo Bartzelonan, Orioko nekazal turismoan, Jakan edo Burgosen. Abenduko zubia Berlinen, Istanbulen edo Andaluzian. Udako oporraldia urrutira, oso urrutira, ezagunen artean kilometroen marka hausteraino. Bidaia da utopia. Dirua erabiliz sortzen den sentsazio berekoi sakona. Boteretsua izatearen errealitate eta ilusioa. Dena, objektuak edo pertsonak, gure esku ditugula amestuz. Bidaiak irauten duen bitartean janaria zerbitzatzen digute, dendariek bero hartzen gaituzte, jatetxe eta hotelean, hegazkinean edo museoan irribarre zabala egiten digute, beraientzat etxekoen modukoak gara, ordainpekoek gure burua koska bat gorago jartzen dutela sinesten dugulako.

Kafkak idatzi zuen pasarte bikaina:

“Zaldia ukuilutik ateratzeko agindu nuen. Morroiak ez zidan ulertu. Neu joan nintzen ukuilura, neuk zelatu nuen zaldia, eta haren gainera igo nintzen. Turuta hotsa entzun nuen urrutian, eta haren esanahiaz galdetu zion morroiari. Hark ez zekien ezer, ez zuen deus entzun. Ukuiluko tean geldiarazi ninduen:

-Nora doa, jauna?

-Ez zekiat-erantzun nion- hemendik joan nahi diat; ez diat beste asmorik. Alde egin, honela bakarrik aurkituko diat nire helmuga.

-Beronek ezagutzen al du, bada, zein den helmuga?- galdetu zidan.

-Bai- erantzun nion-Esan diat lehentxeago: hemendik irtetea, horixe duk nire helmuga”.

Ez dugu zaldirik, ezta morroirik ere. Gu, langileen seme alaben langileak, jauntxoetara jolasean, aldi baterako morroien bila gure nia hauspotzeko. Arduretatik eta miserietatik ihes egiteko. Eta lasterketaren gailurrean erretretarekin batera bidai amaigabearekin amesten dutenak: nekerik gabeko bizitzatik atsedena hartzeko eskubidea aldarrikatuz, zilborrari begira hil arteko bizitza egin nahian. Barne mamuetatik beti ihesian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!