Jose Inazio Basterretxea: Milioi bat lagun, argazki batean

Euskalerria Irratia 2013ko abenduaren 4a

Milioia osatu dugu euskaldunok. Zortziehun mila lagun euskaldun bizi gara Bidasoaz alde bietara, eta beste berrehun bat mila, hor zehar, atzerri-edo deitzen diogun horretan.

Eta milioiaren festa atzo: euskararen nazioarteko egunaren aitzakiarekin. Hitzaldiak, musika, ekitaldiak, errebindikazioak… horiexek guztiak ikus daitezke gaurko argazkietan. Bai eta haserreak ere: Euskaltzaindiak, Euskararen Akademiak, ezin egun aproposagorik hautatu barne istiluak aireratzeko… kontu jakina da jauntxoek ez dutela herri xehearen egutegia bizi.

Milioia osatu dugu euskaldunok, alegia: milioi bat euskaldun dago munduan. Ez, ordea, milioi bat euskaltzale.

Aspaldiko kontua da euskaldunen eta euskaltzaleen paradigmak ez direla paraleloak. Jakina da beti izan direla gure artean lagunak, euskaldun izaki euskaltzale izan ez direnak… hizkuntza jakin arren, hizkuntza erabiltzeko joera izan ez dutenak.

Hein handi batean, eskolak ahalbidetu du euskaldunen milioia osatzea. Baina, bada garaia bestelako bideak diseinatzeko, euskaldunen milioiarekin batera, euskaltzaleen milioia osatu dezagun.

Addio, entzule. Gaur zortzira arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!