Nekane Perez: UPNren hizkuntza politika: euskarari jarritako kontzertina

Euskalerria Irratia 2013ko abenduaren 2a

Euskararen nazioarteko eguneko ospakizunak prestatzen aritu da egun hauetan UPN, bere hizkuntza politika gero eta gehiago zehaztuz. Harrituak, suminduak ere, D ereduaren kriminalizazioa ikusi dugu, irakasleona, familiena, ikasleona, euskararena azken finean. Euskarak dena zikintzen omen du. Dakigunez UPN-k euskara altxortzat hartzen du, hori bai, altxor debekatutzat. Horregatik zonifikazioa, euskara itotzea, ahalik eta jende gutxien uki dezan, mugak altxatu eta muga horietan laban-xaflak dituen alanbrea, kontzertina deitzen duten horietakoa.

Melillan giza eskubideak urratzen dituen alanbre madarikatu horren eragina egiaztatzen den bitartean- hemen beste hizkuntza politika hilkorrago bat bilatu arte- UPN-k segitzen du bere kontzertina politikarekin. Egia da kontzertinak ez duela minik ematen merengek bezala, ez du kolperik ematen, urratu egiten du larrua, zauritu egiten du, odolustea eragiten du. Gure hizkuntza eskubideak larriki zaurituak daude UPN-ren hizkuntza kontzertina dela eta. Kasu honetan ere PSN-k “sarrera” beste modu leunago batean kontrolatzea eskatzen du, gure ustez gakoa ez da kontrol mota, berdintasuna baizik. Euskarak merezi duen tratua aldarrikatzen dugu, hizkuntza eskubideak bermatzea. Ez dugu amore emanen, berdin da zein den jartzen diguten muga, kontzertinak ez du euskara geldituko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!