Neguko hotza eta Sanferminetako erraldoiak. Horra hor San Saturnino egunak bihar Iruñean utziko digun irudia. Urterokoa eta, hala ere, bitxia.
Hiriko patroia izanagatik ere, oso bigarren mailakoa dugu San Saturnino. Historiarik gabeko San Fermin gailendu zaio, ikusezin bihurtzeraino.
Prozesioa egiten bazaio ere, ez du zer ikusirik uztailaren zazpikoarekin. Erraldoi, txistulari eta dantzariak haren omenez kaleratuko dira, beti zamarra ahantzi gabe eta zeruari begira, azaroaren amaiera ez baita, inondik ere, karrikadantzan ibiltzeko garai hoberena.
Agian, bereziena zinegotzien bazkaria izaten zen, azken urteotan angularik gabe, noski. Kontua da Udaletxean egiten zen bazkaria ere desagertu dela, zinegotzi gehienek uko egin diotelako gonbiteari. Giroa mikazturik dago Udaletxe plazako etxean, elkarrekin bazkaldu eta ondoren zinegotzien arteko mus partidak antolatzeko. Maya alkatea eta bere taldeko zinegotziak jatetxe batean elkartuko dira.
Bihar goizean, beraz, Sanferminetako giroa. Eta arratsaldean argiak piztu eta eguberrietako giroan murgilduko gaituzte. Horrela gabiltza Iruñean: saltoka, Sanferminetatik eguberrietara, Eta egun berean bietatik edan dezagun, hortxe dugu biharkoa: Iruñeko zaindari apal eta ezezagunaren eguna.