Eskozia, gaur argazkian. Argazkietan. Independentziarako bide-orria aurkeztu baitute Edinburgon.
Bi argazkik eman didate zer pentsatua.
Berriari ikusi diot bat. Bestea, La Vanguardia kataluniarrari.
Alex Salmond lehen ministro eskoziarraren aurpegiarekin bete du Berriak azalaren zati handi bat, alderik alde erakusten du ministroa, eskuan independentziarako bide-orria zehazten duen liburua duela.
Tamaina txikiagoko argazkia –handia halere– dakar La Vanguardiak bere azalean. Argazkian ez dago bakarrik Salmond. Harekin batera, Nicola Sturgeon emakumea azaltzen da. Lehen ministro-ordea da Sturgeon anderea. Biak azaltzen dira batera, elkarri besarkaturik, independentziarako bide-orria eskuan dutela.
Pertinentea iruditu zait argazki biak alderatzea. Irudiak asko komunikatzen baitu. Irudiak hitz egiten du gaiari buruz. Irudiak ongi konplementatzen du gaia. Irudiak zehazten du gaia.
Baina, era berean, irudiak argazkilariari buruz hitz egiten du. Irudiak egunkariaren filosofiaz hitz egiten du. Egunkariaren gibelerraiak, barrukiak azaleratzen ditu irudiak.