Aingeru Epaltza, Euskal Wikipediako irudi batean
Aingeru Epaltzak 'Gure Jerusalem galdua' eleberria aurkeztu du gaur, Donostian. 'Erresuma eta Fedea' trilogiako hirugarren eta azken lana da. Aurretik, 'Mailuaren odola' eta 'Izan bainintzen Nafarroako errege' liburuak argitaratu zituen. Idazle iruindarra Donostiarako bidean elkarrizketatu dugu. Azaldu digunez, “nobela honetan Joanes Mailu protagonista espioi lanetan ibiliko da, espainiar inbasoreak kanpora bidal ditzaten eta herria matxinadarako prestatzeko”. Trilogiako aurreko bi nobeletan bezala, honetan ere gertaera historikoak eta fikzioa uztartu ditu egileak. Nafar hiriburuan kokatu du liburua. Epaltzaren esanetan, “Iruñea da gure Jerusalem galdua”. Erabilitako estiloaz ere galdetu diogu. Idazkera bizia eta malgua erabili duela adierazi digu, hala ere garai bateko euskararen erreferentziak ere ekarri ditu liburura. “Axularrek gaur egun erabiliko lukeen euskara batua egiten saiatu naiz". Aurki, elkarrizketa zabalagoa eginen diogu.