Maria Solana: Gure herriaren historia doku-flashetan

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 26a

Orain egun gutxi ezagutu genuen euskarak sareen sarean duen presentzia esanguratsua eta nola handitu eta zabaldu den gure hizkuntzaren erabilera epe laburrean. Euskara epe luzerako hizkuntza badela frogatu izan da jada, mendeetan zehar, sasi guztien gainetik, eta UPNren gobernu guztien azpitik biziraun duelarik, egunetik egunera bere ezarpena eta erabilera handituz doalarik gainera.

Ez da hori bakarrik; akaso, nabarmenena da egunetik egunera, Nafarroan euskararekiko onarpena gero eta handiagoa badela. Hortxe bada gakoa.

Teknologia berriei egokitzen asmatu duen herria bagarra eta, hartara, besteak beste, gure Herriaren historia teknologia berriei loturiko euskarrietan ikus eta entzungai dugu jada.

Labrit Multimediak euskaldonon Nafar Estatuaren ibilbidean barneratzeko esperientzia gogoangarria dakar. Ohi bezala, lan zorrotz, txukun eta bikaina egin dute, ondare inmateriala jasotzen adituak direnez, gure, hots, nafarron Estatuaren historia jasoz. Bihar eginen da aurkezpen publikoa, eta asteburuan, larunbatean, eskuragai egonen da bilduma Noticias eta Berriaren bitartez.

XXI. mendeko ikuspegiaz, tresnez eta abantailez lagunduta egin den lana da. Irudi modernoa baliatuz, gaurkotasunez jantzi du gure historia, eta gure etorkizuna bideratzeko gakoz jantzi gaitu gu.

Ikusi, entzun eta sentitu bilduma. Herri honen indarraz, senaz eta magiaz blaituko zara eta gure etorkizuna orainean aldarrikatzeko gogoa areagotuko zaizu, iraganean sendo, tinko oinarrituz. Zabaldu, konpartitu, lekukoa pasa.

Jakina, hauxe da nire iritzi eta gomendioa. Eta kasu, kontutan izan Iturrama Institutuan ikasitakoa naizela….

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!