Hitz hori aditu nuen aurreko larunbatean kalean, Iruñeko Zabalgunean, eta ez zen iraina. Maitasun handiz esan zion emakume batek neska ttiki bati: “¿Eres una machota?!”. Hala esan zion, eskutik helduta zeramala, laupabost urteko neskatoari. Emakumeak, lehenago, hotzik ote zegoen galdetu zion haurrari. Eta neskatoak, ezetz. Orduan galdera zuzendu zion, goxo: ea machota bat ote zen. Eta neskatikoak, harro, baietz.
Haiekin gurutzatzen ari nintzela aditu nien, eta haiengandik urruntzen ari nintzela, bideari lotu nitzaion burutik kendu ezinik machota hitzaren ibilbide bihurria. Mutiko ausartei machote esaten baitzaie espainolez, neska bati, machota...
Bideari lotuta –batere ausardiarik gabe eta hotzik–, pentsatu nuen zeinen arin doazen hitzak, eta zeinen lorratz astunak uzten dituzten batzuetan.