Elixabete Garmendia: 1652 susmagarri

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 26a

Irakaslea ixoka gela barrenean. Aurrean dauzkan neska-mutikoak txamarrak eranzten, txanoak eta eskularruak kentzen, jantzitegiko zintzilikarioak gainezka dagoeneko. Zerotik gertuko tenperatura kanpoan; barruko epeltasunak, kontrastean, berpiztu egiten ditu neska-mutikoak. Lanak dauzka irakasleak “Egun on!” indartsuarekin eskola umeak baretzen.

Argazkia imajinatua da, baina Nafarroako D ereduko edozein ikasgelatan hartua izan zitekeen. 1652 irakasle sumagarri horiek aritzen diren hogeita zortzi ikastetxetako edozeinetan.

Atzo Nafarroako Parlamentuak babesa eman zien, Bildu, Aralar-NaBai, Geroa Bai, Ezkerra eta PSNren botoekin. PSNek, dena den, bietara egin zuen, UPNrekin eta PPrekin batera, hezkuntza “bestelako helburuetarako erabiltzea” gaitzesten duen adierazpena ere sinatu baitzuen, Guardia Zibilaren txostenean azaltzen omen den susmagarritasunari bermea emanez.

Nork diseinatzen ote du Barcina presidentea aho beteko jardunean jartzen duen operatibo hau? Gogora datoz Aznarren garaian, Egunkaria itxi ostean, Elkar argitaletxearen kontra eta egin zituzten beste eraso haiek, ikastolak ere beti jomugan. Kanpaina haien atzean euskal mundua ondo ezagutzen zuen jende ilustre erretxinduaren eskua antz eman zitekeen.

Nafarroan diharduten Guardia Zibilaren sherlock-ak nork jarri ote ditu 1652 irakasleren arrastoan? Goebbelsek baditu nonbait jarraitzaileak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!