Gorka Bereziartua: Artaburu zakilak

Euskalerria Irratia 2013ko aza. 25a, 18:48

Kontsumitzen dugun musika askoren sustraietan dagoen matxismoa arbuiatzeko egun ona da gaurkoa. Beste edozein egun bezain ona, alegia. Ez naiz topikoan eroriko eta ez ditut Hego Amerikako reggaeton abeslariak seinalatuko, estilo hori izaten baita musikaz eta matxismoaz hizketan hastean kontzientzia oneko ezkertiar ugarik ikusten duten problema bakarra.

“Gutakoek” egiten dutenak ez gaitu hainbeste larritzen, zerbaitetarako baitira “gutakoak”, azken finean.

Los Chikos del Maíz hip hop talde valentziarrak azkenaldian fama hartu du Euskal Herrian. Ezker muturreko hitzak errimatzen dituzte eta berdin jipoitzen Espainiako monarkia, PPko eta PSOEko kideak edo polizia. Famatuago egin dira Habeas Corpus taldearekin bat egin eta Riot Propaganda osatu dutenetik. Hainbeste, aurtengo udan Donostiako Aste Nagusiko agertoki handienean jotzera iritsi zirela, sekulako lorpena talde ustez alternatibo batentzat.

Euren kantetan emakumeak aipatzean, ordea, eskuin mutur ustelenaren pare jartzen dira. Entzuleak begira dezake Kaos en la Red webgunean duela bi urte publikatu zen “Los Chikos del machismo” izeneko artikulua, han aurkituko ditu rapero zakil hauen zenbait perla. Eta harrituta nago, hori jakinda ere, Mutil Artaburuek nola eduki dezaketen halako harrera ona zirkulu ustez ezkertiarretan.

Etsai politikoa Gulag batera bidaltzea proposatzen dute euren kantetako batean. Ez dakit horrelako metodo batek konponduko lukeen euren arazoa edo neurri merkeago eta azkarragoak proposatu beharko diren. Nolanahi, jakin ezazue modu onean lor ditzakedala artoa jorratzeko aitzurra eta bost hortzekoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!