Aitor Etxarte: Turandot

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 25a

Koldo Izagirrek, azken liburuaren kontura, dio “Hiri bat plaza da: espazio publikoa. Onerako, txarrerako, eztabaidarako, altxamendurako, motinak eta mitinak egiteko eta, zergatik ez, baita festarako ere. Publikotasunera eta herritartasunera hurbiltzeko espazio bat ere bada, ondorio guztiekin.”

Plaza horretan miseria nagusitu da: pobrezia, lan baldintzak, etxe gabetzea, indibidualismoa, depresioa. Eraso berri bakoitzarekin elkarrekin erantzuteko laguntza bilatzen dugu. Ez dago beste modurik, esan dugu beti. Eta inoiz baino kamutsagoak diren elkarteetara jotzen dugu. Eta ustez kalean izango diren intelektualengana abiatzen gara. Baina, epelean dira idazleak, margolariak, abeslariak edo irakasleak.

Bertolt Brechten “Turandot” antzezlanean ohartxo hau dago sekuentzia baterako: “Tuisen te etxea. Mahai txikietan irakurtzen eta xakean jolasten ari dira tuisak. Honelako karteltxoak dira: Hemen iritziak saltzen dira; Mo Si, pertsuasioaren errege ezaguna; Zu merkataria zara, nik argumentuak saltzen ditut; Zergatik zara errugabea? Un Shanek esango dizu; Egizu nahi duzuna, baina zuzen azaldu”.

Hauek dira merkatua eta merkantzien garaiko intelektualak, adimena alokatzen dutenak. Edozein hizkuntzan. Hori sentitu da Merced kalean euskarazko irakaskuntza publikoaren kontura zabaldutakoak jakin ondoren.

Hotz handia egiten du eta Iruñeko plazetan aterpe urriak ditugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!