Gamesak kaleratzeekin segitzen du, galerak atzean utzi arren eta enpresa komitearentzat onartezina da hori. Sorgailu eolikoen egileak, 52 langile kaleratzeko asmoa azaldu du, horietatik 25 Nafarroan. Sindikatuek ez dute arrazoirik ikusten eta batzarrean bildu dira egoera aztertzeko. Greba deitzea aurreikus dezaketela esan du Txema Liberalek, Gamesako ELA sindikatuko eledunak.
Kaleratzeak egin nahi ditu enpresak baina aldi berean jendea elkarrizketatzen segitzen duela salatu du Liberalek. Azken egunetan gutxienez hiru laguni egin dietela jakin dute. Egoera oso larria iruditzen zaie. Dena dela, kaleratzeak ez dira langileen kexu bakarra. Haiek, langileek soldatak izoztuak dituzte, eta arduradunei, berriz, 2015ean 18 milioi euroren gainsari bat eman nahi dietela salatu dute. Gainera diote, kalera joan diren asko Gamesarentzat lanean segitzen dutela, azpikontratatuta eta lan baldintza kaskarragoekin.
Gamesa zifratan
Iaz galera handiak izan zituen Gamesak, 659 milioi eurorenak. Galera horien zati handi bat bere aktiboen balio galtzeari zor zaizkio, baina bere negozio hutsean ere 59 milioi galdu zituen. Errentagarritasunera itzultzeko, 2012ko abenduan 300 langile bota zituen, Sarrigurengo eta Zamudioko egoitza nagusietan batez ere. Aurtengo maiatzean, Tuterako eta Albaceteko lantegiak itxi zituen, eta ekoizpen lerro bat kendu zuen As Somozasen, Galizian. Beste 394 langile, kalera.
Aurten, urtarriletik irailera 31 milioi irabazi ditu. 1.402 MW saldu ditu eta %5,4ko irabazi margina lortu du. Zorra %28 txikitu du, 765 milioi eurora arte.