Sufesta ikaragarri bat iduri du gaur dakardan argazkiak: arrosa argitik ubelerainoko kolore gorrizten ñabardura guztiak biltzen dituen eztanda distiratsu bat ikusten da, beltzik beltzenaren gainean, eta eztandaren ninitik argi zurrusta zurizta bat sortzen, indartsua, dirdaitsua oso, ia-ia begiak erretzerainokoa.
Izar handi baten leherketaren argazkia da, edo gizakiak inoiz atzematea lortu duen gamma izpien bristadarik hendienarena. Eta argazkia baino zehatzago, NASAren teleskopioek jasotako aztarnetatik abiatuta zientzialariek eraikitako irudia. Nolanahi dela, orain dela zenbait mila milioi urte lehertu zen izar baten distira, baina lurtarron teleskopioek orain lortu dutena atzematea. Zientzialariek uste dute distira horrek 3.700 milio urteko distantzia ibili duela guregana hurbiltzeko, eta lehertu zen izar hura berriz Eguzkia baino 20 aldiz handiagoa zela.
Egin dut ahalegina ulertzeko zifra horiek zer esan nahi duten, zer ote den Eguzkia baino 20 bider handigoa izatea, zer ote diren 3.700 milioi urte. Badaitort, ordea, nire adimena eskasegia dela halakorik irudikatzeko. Txikitasuna besterik ezin dut sentitu, jainkotara jolasten dugun gizaki ñañoon erridikulua. Eta txikitasun horretan babestuta sartzen zait dena erlatibizatzeko tentazioa; alegia, zertarako borrokatuko gara zerbaiten alde edo zerbaiten kontra unibertsoaren itzela aintzat harturik, hain ezgauza izanik?
Atzoko gertaera batek ekarri nau nire ohera: trenean burua zapiz estalitako emakume bat besoetan ninia zuela, eta txilabaz jantzitako gizon bat, poltsa eta puskaz kargatuta. Eta txartelik ez zutenez seguratak haiek kanpora egozten, arratoiak balira bezala. Eta bien begirada abaildua euritara jaurtiak izan zirenean. Izar erraldoi baten leherketak adinako tamaina du haien umiliazioa eta ezinak, eztandak besteko aintzinatasuna.