Madrildik dator notizia, jpuntua Nafarroan badu ere. El Mundo eta ABC egunkariek diotenez, ETA Nafarroako D ereduan infiltratzen ari da. Guardia Zibilaren txosten batek hala ei dio. Diario de Navarrak joan den astean antzeko zerbait argitaratu zuen.
ABC da barruko orrialdeetan daturik zehatzenak ematen dituena: Guardia Zibilak D ereduko 155 ikastetxeetatik 26 zelatatu ditu, eta orotara 1.652 irakasle ikertu. Horietako %26k ei dute harremana ezker abertzaleko erakudneekin, %5 atxilotuak izan dira ezker abertzalearekin loturiko lege hausteengatik.
Metropoli Forala saioan Nafarroako Hezkuntza komunitateko hiru eragilerekin mintzatu gara: Sortzeneko Garikoitz Torregrosa, EILASeko Kepa Yecora eta ELAko Ander Pascual. Gehiagorekin ere ahalegindu gara, baina ez dute baloraziorik egin nahi izan bote-lasterrean.
Denek azaldu digute kezka bera: bistan da UPN konfrontazio bila ari dela, desesperatuki. Hori horrela, nola erantzun munta honetako eraso bati erasotzaileari mesede egin gabe?
Torregrosak esan digu erantzunak “D ereduan sinesten dutenen lanetik” etorri behar duela. Yecorak uste du eraso honekin besteak beste “Nafarroako hezkuntza komunitatean LOMCEren aurka sortu den batasuna apurtu” nahi dutela. Pascualek gaineratu du “atentzioa desbideratu” nahi dutela “murrizketa latzak” egiten ari diren honetan. Denek oso larritzat jo dute Guardia Zibila irakasleak zelatatzen aritzea.
Albistearen testuingurua
Albistearen testuinguruan, bi pertsona nabarmentzen dira. Lehena kazetaria da. Diario de Navarrak joan den astean eman zuen Batasunak D eredua kontrolatu nahi duela omen dioen Guardia Zibilaren txostenaren berri. Informazioa sinatzen zuen kazetariak berriki beste zenbait informazio polemiko ere izenpetu ditu. Esate baterako, dioena Uxue Barkosek Euskalerria Irratiarentzako laguntzak eskatu dituela irratiko akzioduna izanda.
Nabarmentzen den beste pertsona diputatu bat da: UPNko Carlos Salvador. Atzo Madrilen izan zen, hango kazetarien aitzinean Diario de Navarrak argitaraturiko informazioa zabaltzen, Barne ministerioko goi kargudun batekin bilera egiten. Kurioski, Euskalerria Irratiari buruzko informazioa ere berak zabaldu du lau haizetara.
Kasualitatearen handia: zenbait hedabidek duela gutxi argitaratu zuten Salvadorrek SICAV batean dirutza duela eta Kongresuan hainbatetan SICAVei zerga abantailak kentzearen aurka bozkatu duela. Oraingoa erantzuna ote?