Fermin Erbiti: Aurreiritziak

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 21a

Aurreiritziak. Gure aurreiritzi ergelak, batere mesederik egiten ez digutenak.

Lehengo egunean, paseoan nenbilela, liburudenda bateko eskaparatean gelditu nintzen. Liburudenden eskaparatea egunkarien azala bezalakoa da: jabeen interes eta ideologiaren erakuslea bikaina dugu.

Tira, kontua da nire begiak Fernando Savaterren “Figuraciones mías” liburura joan zirela. Azalak eduki interesgarria iragartzen bazuen ere, ez nintzen dendara sartu.

Handik bi egunera, Madrilgo egunkari batek orri osoa eman zion liburuari. Artikulua beherala irakurri nuen. Oso-oso interesgarria iruditu eta, noski, liburua irakurtzeko gogoa berpiztu zitzaidan.

Eta hor hasi zen barne borroka ergela. Egilea Mayor Oreja eta Redondorekin Donostiako Kursalean, batetik. Egilearen iritzi interesgarriak, bestetik.

Horrelakoetan bazegoen korapiloa askatzeko balio zuen soluzioa: liburutegira joan eta hartu. Alegia, liburua irakurri, baina egileari dirurik eman gabe. Jakina denez, Gobernuak liburu berriak erosteko dirurik gabe utzi ditu liburutegiak. Kakazaharra. Soluzioak ez du balio.

Eta holaxe nabil, oraindik ere: aurreiritzi ergel batek eragindako barne borroka amaigabean: Savaterren liburua erosi edo ahantzi.

Egunen batean zirt edo zart egin beharko dut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!