Epiktetoren kutxa: gogoan hartzeko moduko esaldien kaxa.

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 20a

Etika arloan inoiz izan den pentsalari handienetakoa dugu duela ia 2000 urte bibi izandako filosofo hau.

Epikteto, (c. 55-135) filosofo estoiko nabarmena izan zen. Frigiako Hierapolisen[1] esklabu jaioa, Erroman eta Grezian bizi izan zen.  Filosofia bizimodu bat dela irizten zuen eta horrela, bere irakaspen gehienek bizitzan nola jokatu behar den erakusten dute.

Josetxo Azkonak Epiktetoren hainbat esaldi mamitsu ekarri dizkigu sail honen lehen atalean, eta hurrengo asteetan, hurrenez hurren beste pentsalari askorena ere ezagutzera emanen dizkigu.

Hona hemen Epiktoren zenbait esaldi:

-Gizakiak ezin du beste gizaki baten jabe izan.

-Epai bat eman behar duzunean, saia zaitez auzigileak ahanzten, eta ez erreparatu auziari berari baizik.

-Zaharraren hutsegitea da, hark gaur egunari buruz iritzia eman nahi duela, atzoko irizpidea erabiliz.

-Ezbeharrak zure adiskideak nabarian uzten ditu, eta etsaiak nor diren salatzen.

-Filosofiaren muina, norberaren ahultasunaz eta ezintasunaz  ohartzea bertzerik ez da.

-Zure herria handiagotu eginen duzu, ez haren etxeetako teilatuak goratzen, haren herritarren espirituak baizik.

-Zailagoa da pertsona aberats bat apala izatea, pertsona apal bat aberatsa izatea baino.

-Zer irabaziko zenuke, zu entzutea gai ez den harri hori irainduko bazenu?... Beraz, imita ezazu harria, eta izan zaitez haren moldekoa, eta ez entzun etsaiek zutaz darabiltzaten irainak.

-Zoriontasuna ez datza ondasunak pilatzearen desioan, baizik eta aske izatean.

-Egiak berez irabazten du; gezurrak, berriz, konplizitatea behar du beti.

-Sufritu nahi ez duzun gaitz hori, ez sufriarazi inori.

-Inor ez da libre, bere buruaren jabe ez bada.

-Ez diogu beldurrik izan behar ez txiro izateari, ez erbesteari, ez kartzelari, ez heriotzari. Beldurrari berari beldur izan behar diogu, aitzitik.

-Ez saiatu gauzak zuk nahi dituzun bezala izan daitezen, gauzak diren bezalakoak izaten desiratu eta onartzen ikasi.

-Bide bat bertzerik ez dago askatasunaz jabetzeko; alegia, gure mende ez dauden gauzak mespretxatzea.

-Zeren eta, mina eta heriotza ez baitira hain izugarriak: minaren edota heriotzaren beldurra, bai ordea.

-Zutaz arrazoiak emanez gaizki mintzatzen badira, zuzendu zeure burua; bestela, algaraz hartu.

-Zintzo izan nahi baduzu, sinetsi lehenik gaiztoa zarela.

-Zoriontasuna ez da lortzen gauzak gureganatzen eta gozatzen; zoriontasuna, funtsean, deus ere ez desiratzen lortzen da, libre izatea baita gakoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!