Zerrenda ugari ikusten ditugu, nonahi, gaur egungo bizimoduan. Eta horietako batzuk egunero-egunero erabiltzen ditugu, kasik oharkabean. Horren erakusgarri sakelako telefonoan dugun kontaktuen zerrenda dugu, adibidez. Beste zerrenda batzuk dira, esate baterako, erosi beharrekoen zerrenda, egitekoen zerrenda, edo, zergatik ez, zerrenda beltza.
Eta zerrenda guztietan, beti-beti, zerrendaburu bat ageri da gainerako guztien aitzindari.
Telefonoko kontaktuen zerrendan, adibidez, nik ama dut zerrendaburu, nahiz eta Aitor, Alberto, Alicia, Adelaida, Alvaro eta Aita bera lehia gorrian aritu ziren haren aurretik agertzeko. Baina bigarren "A“ bat erantsi nion ama izenari, eta orain Aama dut zerrendaburu, uste baitut amak denetan lehena behar duela izan, bai kontaktuen zerrendan, bai beste gauza askotan ere.
Egunero erosi beharrekoen zerrendan ogia izaten dut zerrendaburu, hori ere nik hala erabakita, ez baitakit ogirik gabe jaten, ezta ikasi nahi ere.
Egitekoen zerrendan, ordea, ez dut gustukoa zerrendaburu bat besaulkiari luze atxikitzea, eta lehenbiziko postuan mugimendu bizia izaten ahalegintzen naiz, egin beharrekoak garaiz eginda. Ohartu zaretenez, noski, “ahalegindu” hitza erabili dut.
Eta zerrenda beltzaren gainean zer esan, kolore bereko putzu sakonean gordea dut nirea, eta ez dut erabiltzen; eta, gainera, zuek, euskaldunak zareten aldetik, asko dakizue jada zerrenda beltzei buruz, Nafarroako Gobernuaren zerrenda beltzean zerrendaburu jarraitzen baituzue oraindik ere, krisialdi, langabezia eta gainerako deabru guztien aurretik.