Kartel batek eman dit atentzioa, kartel baten transformazioak. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak sustaturik, Nafarroako baso biomasaren lehen feria da egitekoa aurki, bihar hasita.
Kartelak –afixak– egin dira, bilkura iragartzeko. Eta iragarki horrek bi bertsio izan ditu. Lehen bertsioa zen elebiduna, euskaraz eta gaztelaniaz idatzita. Aldiz, erdara hutsean ikusi du argia bigarren bertsioak. Bigarren horretan, euskarazko testuak zeukan tokia hartu du babesleen –Nafar Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren– ikur multzoak.
Edipo, Elektra, Alcmeon… hainbat dira mitologia greziar klasikoan beren gurasoak –batzuk ama, beste batzuk aita– hil dituzten errege, heroi eta bestelako protagonistak.
Horiekin akordatu naiz, biomasa feria sustatzeko egin diren kartelekin gertatu dena irakurri dudanean.
Akordatu, akordatu naiz beraien interesengatik beren gurasoak likidatzeko gai diren horietaz. Kasu honetan, ez mitologiako heroiez, hezur-haragizko herri-ordezkari amorratuez baizik.