Julio Villanueva: “Auzi hau fartsa handi bat da, eta guk maila berean erantzun dugu”

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 19a

Ibon Garcia, Mikel Alvarez, Julio Villanueva eta Gorka Ovejero ustezko tartalariak, Auzitegi Nazionaletik ateratzen (@hedoi_etxarte)

Bati baino gehiagori deigarria egin zitzaion Barcinaren tartakaden epaiketan, defentsako abokatuek erabili zuten bidea: defentsa teknikoa, egiletzaren ukazioan oinarritua (xehetasun gehiago, hemen). Julio Martin Villanueva auzipetua argi mintzatu da apustu horren zergatiaz, Metropoli Forala saioan: “Auzi hau fartsa handi bat da. Ez dituzte onartu guk proposaturiko lekukoak, guk aurkezturiko zenbait proba atzera bota dituzte, gure helegiteekin ere gauza bera egin dute. Hori ikusita, maila berean erantzutea erabaki dugu”. Apustu emankorra izan delakoan dago: “Guk ez dugu egin behar haiek egin ez duten lana. Eta tartak jaurti zituztenak identifikatzea haien lana da. Ez dute egin. Eta gure defentsak ederki utzi du agerian hori”.

Zergatik ez dute egin haien lana instrukzio epaileak, Fiskaltzak, akusazio partikularrak, Foruzaingoak? Villanuevaren idurikoz, hori ere oso argi geratu da epaiketan, haien defentsa ildoari esker: “Haiek bazekiten Frantziako Poliziak identifikazioak egin zituela, eta hatz markak hartu zituela. Ez badiete laguntzarik eskatu izan da horrek agerian utziko zuelako Frantzian Fiskaltzak auzia artxibatzea erabaki zuela, eta beraz ekintza bera bi aldiz epaitzen ari direla. Eta hori, jakina, zuzenbidearen aurkakoa da”.

“Barcinarekin ados gaude: justizia nahi dugu”

Hori guziori horrela, Mugitu! taldeko kidearen iritziz epaiketa teknikoki, judizialki, irabazi dute, baina ez dago fidatzerik: “Auzitegi Nazionala auzitegi politiko bat da. Gure auzia auzi politiko bat da. Eta gure epaia ere epai politikoa izanen da. Mundu osoan ez dute tartakada bat horren gogorki zigortzeko eskatu. Helburua Abiadura Handiko Trenaren aurkako mugimendua kriminalizatzea da, eta ez dute erraz amore emanen”. Bestalde, tesuinguru politiko orokorrak beren aurka joka dezakeela uste dute: “Oinarrizko eskubide eta zerbitzuak murrizten ari dira. Politikariak oso gaizki ikusita daude. Eta gotortzeko, blindatzeko ahaleginean ari dira. Auzi hau jendea kikiltzeko erabil dezakete”.

Yolanda Barcina foru presidentearekin ere akordatu da Villanueva elkarrizketan: “Biktimismoa erabili nahi du bere burua zuritzeko”. Nolanahi ere, Barcinarekin gauza batean bat dator: “Justizia nahi duela esan du. Eta guk ere justizia nahi dugu. Horretan ados”. Tartak eta balak gauza bera direla esaten dutenei ere mezua zuzendu die: “Nahiago genuke bala guztiak egiazki tarta bilakatuko balira, haien arma fabrika guztiak tartaleku bilakatuko balituzte”.

Azkenik, Villanueva oso pozik azaldu da jaso duten elkartasunarekin: “Oso kanpaina ona izan da. Euskal Herrian zein atzerrian elkartasun handia jaso dugu. Ahalegin berezia egin dugu auzia nazioartean ezagutarazteko, eta lortu dugu, Euskal Herritik kanpoko hedabide askok eman baitute zigorraren desproportzioaren berri. Eta jende asko hurbildu da Iruñeko manifestaziora, zein Madrilen egin dituzten elkartasun elkarretaratzeetara”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!