59 orrialde ditu Nafarroako Gizarteratzearen Egoerari buruzko Diagnostikoak, Íñigo Alli Gizarte Politiketako kontseilariak atzo aurkeztu eta Nafarroako Gobernuaren webgunean ikusgai dagoenak.
59 orrialde, teknizismoez, aipuez, analisi burutsuez eta datuez beteak, non besteak beste esaten baita pobrezia fenomeno konplexua dela.
59 orrialde non pobrezia hitza 137 aldiz agertzen den –txosten osoan barna barreiatuta, salbu, hori kasualitatea, izenburuan–, eta aberastasun hitza, ordea, behin baino ez.
59 orrialde zeinetan Nafarroak pobreziari dagokionez Espainiako erkidegoetako daturik leunenak dituela esatearekin batera aitortu behar izan baitute gure artean 60.000 pertsonatik gora daudela pobre bihurtzeko arriskuan.
Jakiteke gelditzen da 59 orrialde horiek hainbeste jenderen pobreziari aurre egiteko balioko duten egitan.