Batzuetan argazkilaria psikologo bihurtzen da eta argazkia erretratu izatera iristen da orduan. Hori da EFE agentziako Fernando Villarrek egin duena, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Yolanda Barcinari atera zion argazkiarekin. Kontrapikatuan harrapatu zuen Nafarroako presidentea, behetik gora, eta aprobetxatu zuen gainera honek burua altxatuta zeukan momentua, begiak sabairantz so, aurrean zeuzkan Atlas, ETB eta Antena-3ko mikroen aurrean.
Hedoi Etxartek bere iritzi artikuluari jarri dion izenburuak borobiltzen du eszena: “Barcina: (bi puntu) nartzisismo forala”.
Kontrastean, lau auzipetuak ageri dira aretoan eserita, mutil zintzoen itxura guztiarekin. Bakeroen ordez fraka formalagoak jantzi dituzte, eta elastikoen lekuan alkandora zuriak; paparrean ez dago eranskailurik; haien ordez, Auzitegira sartu ahal izateko identifikazio txartelak daramatzate auzipetuetako bik.
Auzitegi atarian geratu ziren mezuak: Frantziako banderaren koloreekin marraztutako pankartan hirugarren esaldiak pizten du arreta: I love TAVTAZO dioen horrek, maite dut hori bihotzaren bidez adierazita.
Kronikak, osotara, badu halako esperpento tankera bat; ez balitz merenge zuriarengatik guztira 20 urtetik gorako kartzela zigorra eskatzen dutela lau auzipetuentzat. Hori, Atlantiko bazterreko 2.000 kilometro luze txapapote beltzez kutsatu zutenetatik bat bakarra zigortu dutenean, eta hura… bederatzi hilabetera.