“Altzola-Schumann. Boutique” irakur zitekeen ate gaineko kartel higatu eta kolorgabean. Mende bat baino gehiago zeraman zabalik dendak eta ordutik, Binbilinbordako familia aberats eta handiusteek han erosten zituzten soinekoak, trajeak, zapatak edo belarritakoak. Baita dirudun ez izanagatik, ospakizun garrantzitsu bat gertu ikusten zutenek ere. Kontxi Berradek, adibidez, ez zuen sekula santan Altzola-Schumann boutiquea zapaldu. Eta ez zukeen zapalduko, bere lehengusin Karmeleren seme gazteenaren ezkontzagatik izan ez balitz. Argentinan dirutza egin ostean, Binbilinbordara itzultzea erabaki zuten ezteiak ospatzeko. Eta egundoko ospakizuna prestatu ere: milioi bat larrosa zuriz osatutako erramua, Parisko izen handiko diseinatzaile batek propio egindako jantziak, -eskualdeko jatetxeek maila eskasegia dutelakoan- hegazkinez ekarritako luxuzko kateringa eta Londresko Orkestra Sinfonikoa, dantzaldirako. Panorama horren bistara, kirioak dantzan zituen Kontxik. Nola eutsi mailari? Nola ez atentzioa eman senide aberatsei? Nola ez barregarri gelditu? Horregatik zegoen Altzola-Schumann boutiquearen erakusleihoaren aitzinean. Horregatik begiratzen zien etengabe, kristalera iltzatua bezala, soineko eta zapaten prezioei.
Berea eta senarrarena konpondua zuen Kontxik. Duela hamar urte Martin lehengusuaren ezkontzan jantzitako traje berberak zituzten ia erabili gabe, ohe azpian plastikozko zorroetan sartuta. Arazoa Nahia alabarena zen. Harendako ez zegoen soinekorik. Ez zituen maite. Johnny Cashen elastiko beltz handi bat, bakero zulatuak eta zapatilak. Hori zen Nahiaren ohiko uniformea. Zergatik ez zara Binbilinbordako gainontzeko neskatoak bezalakoa? Horixe galdetzen zion beti Kontxik alabari. Baina ez zuen erantzunik jasotzen. Ez, behintzat, berak ulertzeko moduko erantzunik. Une horretantxe, soinekoarekin kezkatua egon beharrean, ondoko musika dendaren aurrean zegoen, erakusleihoko instrumentuei begira. Saxofoi, biolin eta gitarrei. “Hobe zenuke ezkontzarako jantziak begiratu!” errieta egin zion Kontxik. Eskutik heldu eta Altzola-Schumann boutiquera sartu ziren biak.
Hortz okertu eta handiegiz osatutako irribarre horitu baten atzean ezkutatzen zen saltzailea. “Zu bezalako neskato eder batek ez luke ehorzle baten antzera jantzi behar”, esan zion Nahiari, ahots melengaz. Zetazko soineko arrosa bat, tulezko urdin garden bat, satinak, estanpatuak, larruzko oinetakoak... denetarik paratu zuen erakusmahai gainean. Kontxi zorabiatua sentitzen hasia zen kolore, ehun eta prezio ezberdinen dantza amaigabean; Nahiari, berriz, igualak iruditzen zitzaizkion jantzi guztiak: konformismo eta uniformetasunaren erakusleak. Amaren zalantzen eta alabaren apatiaren aurrean, esku hartzea erabaki zuen hortz horidun gizonak. “Zuen kezka guztiak argitzen laguntzeko, ozeanoaz bestaldeko paraje misteriotsu batetik ekarri dugun asmakari harrigarriena erakutsiko dizuet -esan zuen, irribarrea aurpegitik askatu gabe-: Ispilu igarlea. Gure birraitona Felix Schumann merkatari eta esploratzaile handiak xaman bati erosi zion eta, ordutik, gure bezero kutunen etorkizuna bete-betean asmatu du. Aukeratzen duzuen jantzi bakoitzak berekin daraman patua erakutsiko dizue, eta soineko jakin batekin zoriontsu izanen zareten ala ez ezagutu ahal izanen duzue, erosi aurretik. Segurua eta fidagarria da %100ean”.
Hitz horiek esan eta berehala, denda-ostera sartu zen saltzailea eta izara batekin estalitako tramankulu handia arrastaka zeramala atera zen handik. Izara kendu eta hauts laino trinko batek denda osoa hartu zuen. Azpian zegoena ispilu arrunt bat iruditu zitzaion Nahiari. Goikaldean kabaret estiloko bonbila ilara zuen eta, aldamenean, makina txanponjaleen antzeko palanka bat. Baina horrez gainera, ispilu soil bat besterik ez. Neskatoaren pentsamenduak irakurriko balitu bezala, soinekoetako bat probatzeko eskatu zion gizonak. Zetazko soineko arrosa hartu eta gogoz kontra joan zen Nahia probagelara. Handik itzultzean, saltzailea txaloka ikusi zuen. “Ederra benetan! Beste bat ematen duzu!”. Eta egia zen. Ispilura begiratzean, ez zuen bere burua ezagutu hasieran. Beste bat zen. Kontxik ere baietz egin zuen buruarekin. “Eta orain, ikus dezagun soineko horrekin izanen duzun etorkizuna”, esan zion saltzaileak. Palankari tira egin eta kabaret-bonbila guztiak piztu egin ziren. Kirrinka eta txirrin hotsen ostean, papertxo bat atera zen ispiluaren aldamenetik. Saltzaileak hartu eta ozen esan zuen: “Soineko arrosa honi esker, senar dotorea izanen duzu laster”. Kontxik eta Nahiak deus esaten ez zutenez, hizketan jarraitu zuen saltzaileak: “Tira, ez dago gaizki, ez? Soineko eder honekin mutil lerden bat zutaz maiteminduko da, seguru! Ba al da gauza hoberik?”, eta barre algaraka hasi zen, hortz horitu guztiak agerian zituela. Elkarri begiratu zioten Kontxik eta Nahiak. “Zergatik ez dugu beste bat probatzen?” galdetzera ausartu zen Kontxi. Eta hala egin zuten: tul urdinezkoa, gasa laranjazkoa, liho berdezkoa... Eta guztietan, emaitza bera: soinekoa-mutil lerdena-zoriontasun prefabrikatua. Patuari ihes egin ezinik ikusi zuen Nahiak bere burua. Kontxik errukiz begiratu zion alabari eta hautua egin zuen.
Handik astebetera, Kontxik espero bezala, Karmele lehengusinaren seme gazteenaren ezkontzan guztien arreta bereganatu zuen Nahiak. Johnny Cashen elastiko beltz handiaz, bakero zulatuez eta zapatilez gain, Altzola-Schumann boutiquearen ondoan dagoen musika dendan erositako gitarra elektrikoa zeraman soinean. Eta orduan, senideen begirada suminduak bizkarrean nabaritzen zituela, Kontxi konturatu zen, ironikoki, ispilu igarleak asmatu egin zuela, mutil lerden aberats pijorik ez baitzitzaion hurbildu neskatoari. “Ezta beharrik ere”, gaineratu zuen, bere baitarako.