Ostiralean D. de N.k, ustezko egunkariak, orrialde osoa amorruz bete zuen Nafarroako irakasle euskaldunen izen ona zikinduz. Eskuak odolez zikinak omen ditugu, egitasmo totalitarioen menpe omen gara. Egunkari berak lidergoa eduki zuen gizateriaren aurkako krimenak sortuko zituen gerran. Gogoratu behar da Iruñerriko merindadean, besteak beste, maisuen %25,18 errepresaliatua izan zela. Gure lurraldean osotara 1.088 maisu-maistra ziren. Kargugabetu ziren 58, 12 aldi baterako zigortu, 85 betirako baztertu, zigortuak beste 107 izan ziren.
Ostiralean ere, Genevatik Nazio Batuak Espainiari exijitu zion azter zitzala, sakon eta inpartzialki, frankismoak sortutako krimenak, ireki ditzala 2.500 hilobitik gora, iker ditzala 130.000 desagertuen paraderoa edo haurren lapurretak eta abia zezala biktimen erreparazio eta birgaitzea. D. de N.k bere larunbateko edizio digitalean ez du berri hau aipatu.
D. de N.k burua zuen R.G. ankerkerien kide eduki zituen, askoren artean, J.B. edo E.M. Krudelkeri izugarriari bide eman zioten hitzez eta ekintzez.
J.B.k esan zuen adibidez: “Gizon izan gaitezen eta eroria mendeka dezagun; nahiz eta sozialistak urte osoan dolu-xingolak beraien egoitzetan jarri. Horien aurka erabiltzen den edozein bide egokia da: lehergailua, labana eta sutea.”(1934). E.M.k esan zuen adibidez: “Izua zabaldu behar da, boterearen sentsazioa utzi behar dugu eliminatuz gu bezala pentsatzen ez dutenak, eskrupulu eta zalantzarik gabe.”(1936).
Maisu-maistra askorentzat ostiral mingarriak.