Espainiako estatuaren azken ergelkeriak nekez izan zezakeen adiera grafikoagorik. Ateak itxi, Ateak Ireki itxiz. Has gintezkeen azalpen politiko sakonak bilatzen, bake prozesuari eginiko erasotaz mintzatzen, eta halakoak. Baina ez da hainbeste behar. Twitterren UPNko baten batek Ateak Ireki webgunearen itxiera irriz ospatzeak dena esaten du. Eurentzako traba dena estali behar da, nola edo hala. Eta estaltzen denean ospatu, noski.
Baina azken ergelkeria grafikoena dela badiot ez da metaforagatik bakarrik. Alegia, batek atea ireki duelako eta besteak itxi. Jo dezagun zerbait konkretuagora. Edozein auzotako edozein eraikinetako edozein etxebizitzara, demagun. Atea ireki dugu parez pare, edonor sar dadin, edonork ikusi gaitzan. Eta baten batek, hegoaldeko haize zakarrak lagunduta, hurbildu eta bortizki itxi digu. Berak ezinen du berriro itxi, ezta berriro ireki ere. Barrukoek ordea bai, ireki dezakegu beste behin ere. Nahi adina aldiz. Horixe dauka atearen kanpoaldean geratzeak.
Horrelaxe jaio zen Ateak Ireki, Apurtu ataria itxi zenean, alegia, ate berri bat zabalduz, adierazpen askatasunaren izenean. Eta atzo, talaia honetatik bertatik, Saioa Alkaiza kideak zioen “ea Espainiatik ez dizkiguten ate gehiago ixten”. Tamalez, oraindik orain hori ez dago gure esku. Ate berriak irekitzea, ordea, bai. Badakigu ba.