Jon Abril: Sarean

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 14a

Sardinak sarera nola, halxe gabiltza bertsozale anitz Txapelketa Nagusiarekin. Harrapatuta. Villabonan hasi zenetik, sarrerak agortzen joan da plazarik plaza. Asteburu honetako sarrera denak agortu dira, eta hurrengo asteburuan, Nafarroara itzuliko da, Elizondora. Oraindik sarrerak egon badaudenez, tenorez erosteko aholkua bertaratu nahi dutenei.

 

Atzo berean sarrera guztiak agortu ziren Barakaldoko final handirako. 15.000 lagunentzako toki dena salduta. Euskararen espektakulua. Eta bat baino gehiago kezkatzen hasia da, bertsolaritza modan paratu dela, ez dela normala hainbertze jende joatea, zerbait gaizki egin dela, eta artea bera baino ikuskizuna gailendu dela.

 

Euskara normalizatuko bada, beharko du bertsolaritzak astebururo eskaintzen digun esperientzia intimotik, esperimentaziotik, arte kultutik; baina beharko du ere, arte hori modu konpartitu batean, lehiaren erritmora gozatzeko abagunerik. Konplejo gutxiago behar dugu 15.000 lagunek goiz eta arratsaldeko ikuskizun batetaz gozatu nahi izateagatik. Zer eta kultura ikuskizun batengatik. Kezkatu daitezela astebururo futbol estadioak betetzen diren bitartean antzoki anitz hutsik daudelako!

 

Eta bertsolaritza ez da moda kontua. Ongi egindako lan baten emaitza baizik. Bertso eskolen sare oparoa osatu da azkeneko 20 urteotan. Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu dira bertso eskolak eta hezkuntza arautuan egiten den lana, eta horiekin bertsozaletasuna. Goza dezagun euskarazko bestarik handienarekin!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!