Frankismoaren biktimen aitortza Nafarroako Parlamentuan

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 15a

Frankismoaren biktimei omenaldia Iruñeko Gaztelu Gibeleko harresietan, artxiboko irudi batean

36ko biktimak gogoratzeko legea onartu du gaur Nafarroako Parlamentuak. Frankismoaren biktimei aitortza eta ordaina zor zaiela onartu du foru Legebiltzarrak. Izquierda-Ezkerrak eramana du proposamena osoko bilkurara. PSNek, Bilduk, Aralar-Nafarroa Baik eta Geroa Baik alde bozkatu dute, UPN abstenitu egin da eta PPk aurka bozkatu du. Beraz, 27 boto alde, 19 abstentzio eta kontrako lau.

Legearen arabera, Nafarroako Gobernuak, besteak beste, frankismoaren biktimen gorpuak bilatzeko lanak diruz lagundu beharko ditu, eta gorpu horien DNA bankua sortu. Halaber, Sartagudako Memoriaren Parkean eta Ezkabako espetxe ohian urtean behin egiten dituzten omenaldietan parte hartu beharko du. Ikusteko dago Barcinaren Gobernuak legea betetzen duen.

Lege proposamenaren eztabaida aditzera, ehunka lagun hurbildu dira Parlamentura: 1936ean hildakoen senitartekoak asko, Memoriaren alde lanean aritutako zenbait lagun eta Sartaguda zein Lodosako herritarrak ere bai tartean. Txalo artean hartu dute legea aurrera atera izana. Txalo zaparradarekin eta "Gora errepublika" oihukatuz ospatu dute Nafarroako Parlamentuak hartu duen erabakia.

Joseba Ezeolaza, Jose Mari Esparza, Yolanda Barcina eta Victor Rubioren balorazioak entzuteko, entzun lerroon azpiko audioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!