Miguel Angel Llamas 'Pitu' (Ateak Ireki)
"Webgune bat ixten badigute, beste bat zabalduko dugu". Halaxe mintzatu da Ateak Ireki webguneko kazetari Miguel Angel Llamas Pitu gaur goizean, Metropoli Forala saioan.Hain zuzen ere helburu horrekin, hainbat eragile eta kazetarirekin bilera eginen dute gaur arratsaldean, Iruñeko Zabaldi Elkartasun etxean.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Velasco epaileak atzo webgunea ixteko agindu zuen hiru orrialdeko auto baten bitartez, "ETAren aldeko Herrira-ren legez kanpoko jarduna" saihesteko, eta Guardia Zibilaren txosten baten arabera webgunea "kaltegarria eta delituzkoa delako".
Llamasen arabera, haiek egiten duten gauza bakarra informatzea da. Hori da haien bekatu bakarra. "Bekatu hori egiten eta adierazpen askatasuna praktikatzen eta defendatzen segituko dugu", iragarri du. "Nafarroan herri mugimenduak indar handia dauka, eta guk herri mugimendu horri ahotsa jartzen diogu, besterik ez", gaineratu du.
Velasco epailearen atoa oraindik ez da irmoa, horren aurka helegitea aurkez daiteke. Llamasek aurreratu du gaur bertan haien abokatuekin aukera hori aztertuko dutela, "Espainiako Justizian batere konfiantzarik ez eduki arren". Autoa irmoa ez izanagatik ere, epaileak telefonia konpainiei webgunerako sarrerak mozteko eskatu die, eta zailtasun handiak daude horretan sartzeko. Edonola ere, hedabidearen Twitter kontuak eta Youtube-ko kanalak zabalik segitzen dute.