Liburutegiak deskubritu gabeko altxor andanaren gordeleku dira.
Horregatik, hobe patxadaz bisitatzen baditugu. Badakizue: sartu eta kuxkuxean ibili, presarik gabe, gutxien espero dugun lekuan altxorrik ederrena aurki dezakezulako.
Liburutegietan dena ez da urre, noski, baina testigantza ahaztezinak gordetzen dituzte, bizitza eredugarriak, emozio handiko abenturak. Liburutegiei esker, bidaiak egin ditzakegu, munduan, denboran eta ideietan barna.
Lehengo egunean, Iruñeko liburutegi batean bueltaka nenbilela Barbara Hendriks soprano ospetsuaren biografia ikusi nuen. Hartu eta hiru egunetan irentsi dut.
Biografiaren hasieran neskatxa amerikar beltz bat dugu, bazterketaren urterik latzenetan amets bakarra duena: kantari izatea. Eta hortik aurrerako guztia da interesgarria, batez ere gaztearen ilusioa, kemena, arazoei aurre egiteko indarra eta ondorengo arrakasta, noski.
Biografia zoragarria, benetan, liburuarekin opari ematen duten diskoa bezalakoa.