Mutiko ilunxkoa ikusten dut argazkian. Begiratu triste eta urruna dauka. Biluzik erakusten du soina. Plastikozko ur-botilari dago kateaturik: erabat besarkaturik du ontzi berdexka, litro bikoa itxuraz.
Tacloban herrian ateratako argazkia da. Filipinetatik datozen argazki horietako bat. Kaosa erakusten duten horietako beste bat. Giza tragedia agerian uzten duten horietako beste bat. Beste bat… argazkia, eta tragedia.
Filipinetako tifoiak eragindako suntsipen erraldoiaren inguruan esan direnen artean, kontu batek eman dit atentzioa. Gure arteko komentarista bati entzun diot honako hau: espazio eta denbora gehiago eskaini zaiola Filipinetako hondamendiari mendebaldeko hedabideetan, ekialdekoetan baino. Adibidez, Euskal Herriko medioetan, Japoniakoetan baino. “Zergatik ote?”, galdetu diot nire buruari.
Mendebaldeko kulturaren produktua ote da errukia? Exotismoagatik informatzen ote dugu hemen Filipinetan gertatutakoaz? Badaukagu zer ezkutatua gure artean, eta horregatik jotzen dugu atzerrira albiste bila? Herri eta nazioen arteko haserreek ez al dute merezi meniarik holako kasuetan?
Zer pentsatua eman dit horrek guztiak. Zer pentsatua…