Izutua nabil azken boladan ikusita zer nolako iritzi, baieztapen eta oro har barbaridade ari diren esaten, batez ere komunikabide espainiarretan aritzen direnen partetik. Informazio objektibo gutxi eta balorazio subjektibo gehiegi, ohi bezala. Hori berez, eguneroko kontua da. Baina, oraingoan bereziki bortitza ari da izaten, batez ere Estrasburgotik epaia heldu zenetik.
Parot doktrinaren inguruko epaiaz ari naiz. Kontua berez ez da berria eta albistea duela zenbait astekoa den arren, oriandik ere ari dira horren inguru minutuak eta minutuak gastatzen, ozenkiago esanda ere egi ez diren iritziak botaz.
Kezkatzekoa da ikustea zer nolako irakurketa maltzur, interesatu eta nahasiak egiten diren eta zer errespetu gutxi dioten auzitegiek diotenari. Horretan, bereziki kezkagarri izan dira biktima zenbaitek jokatutako papera. Ohituta gauden arren, aho bete hortz geratu naiz beste behin, pertsona horiek guztien balore eta justiziaren zentzu eza ikustean.
Eta gai hori oraindik ere bero dugula, atzo, beste behin, alarma guztiak jarri zituzten martxan, jakitean, Euskal autonomia erkidegoko ikasgeletan, baloreetan oinarritutako heziketa testuinguru eta memoria historikoa berreskuratzea helburu, poliziaren bortizkeriaren biktemek ere euren historia kontatu ahal izanen dutela.
Alarmatzen diren horiek benetan nahi al dute bakea? Bakea ez da berez etorriko eta bakearen alde lana egin beharra dagoela argi izan behar dugu. EAEn lanean ari diren bitartean, gainontzeko tokietan atzera pausoak ematen ahalegintzen gara. Horretaz asko daki gu nafar guztion presidentea den Barcinak. Horrek nahiago du Madrilera manifestazioetara joan, Komunitate honetan gauzak konpontzen hastea baino. Ea badoan betiko eta etorkizuna lantzen hasten garen behingoz, iraganari helduz.