Egunkariek bat egiten duten egun horietakoa da gaurkoa, azalera Filipinetan Haiyan tifoiak eragin duen sarraskiaren argazkiak ekartzerakoan. Argazki deserosoak, gosaria ozpintzen duten horietakoak. Batean ageri dira ama-semeak norabaiterako ihesean, zapiz estalita aurpegia, han barrenean ilaran ageri diren gorpuen kirats eta kutsaduratik babestu nahian.
Zapietan jarri dut bat batean arreta, ohartuz tiraderetan ahantzita izaten ditugun oihal puska horiek zerbaitetarako balio dezaketela sarraskien garaian. Egia esateko, bulkada bat izan da: tiraderatik zapi horietako bat atera eta ahoa bakarrik ez, begiak ere estaliko nituzkeen paper zuri beltzak dakarren eszena hori ez ikusteko.
Manilako hilerrietan bizi direnen argazkiak datozkit gogora; tifoirik izan ezean, lasai bizi bide dira hildakoen eremuak eskainitako prekarietatean. Imelda Marcosen zapata periaren argazkiak ere baditut akorduan, noizbait Holaren batean ikusita; haiek gordetzeko alasetan familia bat baino gehiago bizi ahal izango litzateke, ez hain modu prekarioan.
Noizbait Espainiako inperioaren parte izan ziren Filipinak. Historiako liburuek diotenez Miguel Lopez de Legazpi zumarragarra izan zen lehen koloniak ezarri zituena, eta Andres Urdaneta ordiziarra lehen misiolaria.