#Bloquesanduzelai-ko bi familiei elkartasuna adierazteko manifestazioa eginen dute larunbatean

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 11

Sanduzelain okupaturiko etxebizitzak (PAH-Nafarroa)

Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain daude Sanduzelai auzoan, Landa Doktorea karrikan, okupatu dituzten bi etxebizitzetan.

"Zain gaude baina ez geldirik", azaldu digu Amaia Barrena auzokoak. Etxebizitzak zaharberritzen ari dira, eta elkartasuna jasotzen. Digitalki, sare sozialetan, #bloquesanduzelai traolarekin. Eta baita analogikoki ere, pertsonalki, aurrez-aurre. "Asko eta asko dira okupaturiko etxebizitzetara hurbildu diren herritarrak, han bizi diren bi familiei sostengua ematera", dio Barrenak.

Besteak beste, El Drogas musikaria han izan zen igande eguerdian, beheko bideoan ikus daitekeenez. Nolanahi ere, elkartasun, sostengu, indar gehiago jaso nahi dute, eta datorren larunbatean manifestazioa eginen dute, eguerdiko hamabietan okupaturiko etxebizitza horietatik abiaturik.

Sanduzelaiko bi etxebizitzok Nafarroako Gobernuarenak dira. Urteak zeramatzaten abandonaturik. Iragan asteazkenean okupatu zituzten, eta egun horretan berean, azaroaren 6arekin, Hipotekak Kalteturiko Herritarren Plataformak idazkia aurkeztu zuen Nafarroako Jauregian. Erantzuten ez zietela ikusirik, hori bera egin zuten azaroaren 11n, egiten ari ziren zaharberritze lan guztien berri emanez. Hedabideen bitartez ere mezua zuzendu diote Nafarroako Gobernuari. Baina erantzunik ez dute jaso. Zarraluki kontseilariaren mezu labur bezain idor bat soilik: "Ez zait bide egokia iruditzen". Besterik ez.

"Trabak jarri ordez, Nafarroako Gobernuak lagundu beharko luke bi familia hauei etxebizitza duina edukitzeko eskubidea bermatzeko, baina batek daki zer eginen duten", esan digu Barrenak. ELkarrizketa osoa entzuteko, sakatu bideoaren azpiko audioa.

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=QHSi6w53tvU#t=13[/youtube]

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!