“Jainkoa eta Lege zarra”-rekin nahikorik ez? Tori, Etxepare institutua!
Seminarioetan egosi zen ikusmolde atzerakoiak plazak aspaldi galdu ditu, baina hor da, eraginkor eta fosilizatua, etxean. Ez da desagertu, oinarrian dagoen joera interpretatzailea da: gu garbiak eta zintzoak gara, errudunak kanpotarrak dira, erresistentzian bizi gara eternitatetik, iragan mitikoak elikatzen digu sena.
Gaur euskal labela duen ideologiak beste labeetatik dator: Akademiatik, unibertsitateak nagusiki, edo akademietatik, Etxepare Institutua adibidez. Oraingo euskal kulturak beste ezaugarriak ditu: alaia da, simpa, eko, etno-modernoa, bio, surf, inter, euro, pintxo, zuri baina beltzaran, ziber, osasuntsu. Erakunde honek sortu duen azken produktuak “Homeland” du izena eta, hitzez-hitz, “Atzerritarren begi eta belarriak goxatzeko pentsatua dago dokumentala, baina baita bertakoen gozagarri ere”.
Beraz, hemen duzue gozatzeko beste aukera bat. Mundakako marko paregabea, nekazaritza eko, itsas ondoko landa berdeak, abere atseginak, kolonizatzailerik gabeko herria, munduko esploratzaile inozenteak, klaserik gabeko industrializazioa, bi artista erdaldunekiko benerazio mistikoa, Guggenheim frankiziaren arrakasta sinbolikoa, Arzak eta sukaldaritza liturgikoa, barazki azoka xarmanta. Eta protagonistak surflari erakargarriak eta enroilatuak, plazer sinpleen atzetik nazioartean ari direnak, zorionekoak, arbasoen jakinduria hedatzeko prest. Propagandisten gezur zaharrak.
Estesikoro, greziar klasikoak, idatzi zuen: “Historia hori ez da egiazkoa /Ez zinen ontziratu eserleku dotoreak zeuzkan itsasontzian / ezta Troiaren harresietaraino ailegatu ere”.