Argazkian 24.000 pertsona, korrika, Behobiatik Donostiara. Haize zakarra dute kontra eta euria ari du, baina berdin zaie. Trenez edo errepidez egin zezaketen bidaia ordu laurdenean, baina korrika doaz eta batzuk hiru ordu emango dute bidean. Prestatzen aritu dira aurrez eta gaur denak batera doaz, milaka lagun errepidea betetzen. Eta beste milaka lagun bide bazterretan txaloka. Probatutakoa naiz, eta emozionantea da.
Kopurua da harrigarria, 32.000 lagun, mundu zabaletik etorritakoak. Milioitik gora euro ordaindu dute parte hartzea, askok urrundik bidaiatu dute, amaiera Donostian da igande eguerdian, familia edo lagunak zain dauzkate. Zenbat diru mugitu da guztira? Bi milioi, hiru? Kopuru horietan, anekdotikoa da korrikalari bat helmugan hil izana, lasterketa amaieran. Edo ez, anekdotikoa ez, epikoa da, dramatikoa, estetikoa. Datorren urtean, 30.000.