Ohiturak hizkuntzak bezala
Ohiturak hizkuntzak bezala egunerokotasunarekin ikasi eta barneratzen ditugu. Ordu biak aldera bazkaltzen dugula, larunbatetan kalea zapaldu eta lagunekin pote bat edo beste hartzen dugula, orraztu edo patata tortillari tipula eman behar diogula. Ohiturak, hitzez hitz barneratzen ditugu, astelehentik eta igandera arte egiten ditugun aukera guztiekin batera, ohitura eraikitzen dugu. Horrela, oharkabean, hizkuntza batean edo bestean hitzegiteko gaitasuna lortzen dugun bezala, ohiturekin betetzen dugu gure bizitza. Gehiengoak praktikatutako ohitura normal eta arruntekin gure giharrak, irrifarrak eta talde ekintzak diseinatzen eta performatitzen ditugu. Baina kasu, gure konfort gunetik ateratzen garenean, gure ohiturak bakartasunean zentzua galdu eta besten bitxikeriek ohitura maila hartzen dute.
Aurreko astea Californiako San Frantzisko hirian eman dut. Mundu guztitik ailegatutako lagunok hiri zoragarri honen karrikak betetzen ditugu. Parkeak, itsasoa, eraikin erraldoi ederrak, emakume zein gizon lerdenak, denda ikusgarriak eta gurean, menturaz, inoiz ikusiko ez ditugun pobre, txiro, eri, zikin eta eroak. Urriaren 31an han nintzen, Halloween gauean, alegia. Business egiteko dela, ongi pasatzeko edo taldearen parte izateko aitzakiarekin, ohitura zaharrar honekin askok eta askok bat egiten dute; paradoxikoki, Amerika multietnikoa, mozorro multierreferentzialekin bateratuz.
Tamalez, Californiako San Frantziskotik, etxera itzultzeko garaia, hau da, Renora, Nevadara, nahi baino lehen, ailegatu zitzaidan.
Etxera ailegatzen ari nintzela, unibertsitatearen inguruan hamaika autobus aparkatuak zeuden eta unibertsitateko futbol zelaiara sartzeko eskaileratan, ehunka eta ehunka latinoamerikar, uniforme beltza eta korbata gorri beltza jantzirik. Emakume eta gizon, gazte eta zahar, haurrak...guztiak ameriketako indigenak eta espainolez hizketan. Jakinminari ezin eutsiz, bikote bati zertan ari ziren galdetu nion. Negozio konbentzioa zela argitu zidaten, denborarik galdu gabe, business card edo aurkezpen txarteltxo bat luzatzen zidaten bitartean. Txartelaren arabera, Miguel eta Angela Rojas, Aimway taldeko kideak dira, Aimway negozio piramidalaren negoziogizonemazteak, gainontzeko ehunka indigena yankiak bezala. Guztiak amerikar ametsaren alde lanean eta bidebatez, guztiak etxeko ohiturak berreskuratzen eta berpizten, uniformatuak etxeko taldearekin bat egiten, lurrean eserita, ozen, lasai, hizkuntza bakarra ahoan ikusi ditut. Standard amerikarra betetzen ez duen irrifar alaia ezpainetan dutela, dirua irabazi eta haurrak unibertsitatera eramanen dituztelaren ametsa munduari erakusten diote, arro. Guztiak, gaur, Guatemalan, Mexikon edo Perun daudela aldarrikatuz, Aimway business kobentzioaren eskutik.