Koldo Martinez: Hala eta guztiz ere...

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 8a

Hala eta guztiz ere...

Fagor kooperatibak porrot egin du. Gaur da itxiko duten eguna. Nola ailegatu da puntu honetara?

Nik hainbat arrazoi dakusat. Lehena, noski, krisia.

Baina, krisi ekonomiko honetan burubelarri sartuta geundela edota sartuko ginela ikusi ez zuten kudeatzaileak ere hor daude. Edo ikusi bazuten ukatu egin zutenak. Zapaterori gertatu zitzaiona.

Krisiaren aurrean neurririk hartu ez zutenak edo hartu bazituzten gehiengoaren kontra hartu zituztenak. Rajoyk egin duen bezala.

Krisia ikusi eta jasan eta deus gertatuko ez balitz bezala, isolamenduaren beldur edo, hitz egitera ausartu ez diren eta, ixilean, beste alde batera begira jarraitu duten kooperatibistak. Espainiako gizartearen gehiengoaren antzera.

Itsasontzia hondoratuz zihoala ikusirik, abandonatu duten kapitainak, beste itsasontzi haundiago batera igotzeko. Hots, Fagorreko zuzendaritza utzi eta Korporazioko postu gorenetara igo dutenak, bertatik Fagorri graziazko tiroa emateko. Bankeroek hiritarroi egin diguten gauza bera.

Horrela, bada, Fagorren kasuak eta gizarte osoarenak itxura berdin samarra daukate. Dena dela, akatsez akats, aurrera eta atzerapauso guztiez, kooperatibismoak zutik dirau eta, une honetan ere, hala eta guztiz ere, kapitalismo basatiaren aurrean alternatibarik egokiena eta egiazkoenatzat jotzen dudala aitortzea legezkotzat iruditzen zait. Egoera berriei egokitu beharko da, noski. Eta egingo du. Gizarteak berak bezalaxe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!