Idurre Eskisabel: Irentsita

Euskalerria Irratia 2013ko azaroaren 8a

Jendea bozkariotan eta irribarretsu erretratatzen badu ere, bortitza egin zait argazkia: lizuna. Herenengun iluntzekoa da, Basaurin ateratakoa. Bost lagun ageri dira, kamiseta urdinez jantzita , irribarretsu, algaraz ia-ia, edalontziak txintxinerako altxatuta. Bai, iduri luke, hilabete eta erdi aurreratu garela denboraren tunelean, eta Espainiako Eguberrietako Loteriaren ilusio orgia hori amildu zaigula gainera: zorion proletarioaren gorena.

Baina txintxinerako jaso dituzten edalontziak ez dira kristalezko kopak, plastikozko basoak baizik. Eta ez dabil txanpainik barra-barra, garagardo lata xume bat baino; eta kola freskagarri bat. Eta kamiseta urdinei arretaz begira jarrita Edesa jartzen du, Fagor handiaren ataletako bat, ama-marka bezala porroterako bidean dena. Eta Edesaren azpian, “Gure enpleguen defentsan”.

Alegia, Edesako langileak dira, etorkizun hurbila kale gorrian sumatuta, fabrika barruan itxialdian. Eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia izan dute bisitan, heroi salbatzailearen mozorroa jantzita, Berlusconi zein Sarkozyri ikasitako estilorik populistarenean, eta iragarri die 3 milioi euro emango dizkiola enpresari Diputazioak, salbatuko dituztela haien lanpostuak; salbatuko dituztela.

Txaloka eta bibaka hartu dute langileek; txanpainik ezean makinako garagardo merkearekin egin dute topa. Naufragio kolektiboan, oraingoz, salbu ikusi du behargin horietako bakoitzak bere burua. Bai azkar ahazten direla bezperako klase elkartasun deiak. Bai barrura daukagula irentsita iruzurra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!