Udazkena, hezetasuna, jertse lodia, saskia, nabala, autoan sartu eta bidean zara. Pirinio aldera egin duzu, oraindik ez baitu sobera izoztu. Zure harrapakinak pagadietan goxo dira.
Erroibarko bihurgunetan bidezidor batetik sartu zara. Putzuak nonahi, lokatza… Zure autoa ez dago prest horrelako bideetarako, baina, tira, zertarako daude autoak bertzenaz?
Autotik jaitsi gabe, bide bazterrean, lehen urbeltzak ikusi dituzu. Inoiz ez bezala, hegoaldera begira daude. Denak.
Joan den asteburuan ere, Agoitz aldeko pinudi txiki batean, esnegorri guztiak hegoaldera begira zeudela ikusi zenuen.
Pagadian sartu zara. Ilarraka sorta ederra zegoen pago gazte batzuen estalpean. Haiek ere, hegoaldera begira ziren. Zain.
Pixka bat aitzinago ziza hori lerden batzuk ageri dira, hegoaldeari so.
Harkaitz batzuen ondoan ageri diren onddo zuri sortu berriak ere hegoalderantz hazten ari dira.
Zeren zain dira, baina, Pirinio aldeko ziza eta onddo guztiak hegoaldeari so! Zerk etorri behar du hegoaldetik?
Mezkiritzeko larre batetik galanperna bakartia oihuka ari da:
- “Joxepa, Joxepa badator, Joxepa badatorrela!”