Argazki txikien esangura. Argazki txikiak deszifratu beharra. Bederatzigarren orrian dago begiak harrapatu dizkidan lehena: hegazkin baten hondakinak ote ziren, udazken koloreko basoan; hegazkin espainiar baten hondakinak, kolore hori-gorritan. Argazki oinak argitzen du Urbasan, 1936ko fusilatuen oroigarria dela, pintaketak gainean. Argazkiak ilustratzen du larunbatean Bilbon eraso faxisten aurka egingo den manifestazioaren albistea.
Lau orrialde haratago, hamahirugarrenean, koadro batekoa dirudien hondartzaren gainean, ozta-ozta irakur daiteke dozenaka gorputzek nolabaiteko kaligrafian osatutako leloa: Etxetik udalera, euskaraz aurrera. Zarauzko hondartzan igandean egin zuten bilkuraren emaitza da hori, euskarari lehentasuna emateko urratsak egiten ari diren udalei babesa adierazteko.
Egunkariaren bukaera aldera, hogeita zortzigarren orrialdean dator argazki handixeagoa: Euskalerria Irratiko estudioan bi esatari ageri dira, kaskoak buruan, mikrofonoak aurrean. Paretan aspaldian ateratako beste lelo erabakior hura: Euskaraz eta kitto! Euskalerria Irratiak etzi beteko dituela 25 urte… lizentziaren zain oraindik ere.
Hiru argazkiak lotzen dituena erresistentziaren haria da. Ametsetan jarrita, imajina dezake batek Zarauzko hondartzako gorputzek beste lelo hau marrazten dutela: urte askotarako Euskalerria Irratia eta zorionak lizentziarengatik! Urbasako fusilatuak bakean uzten dituzten egunean gertatuko da hori.