Uxue Barkos: "Euskalerria Irratiari diru-laguntzak ematea izan beharko litzateke albiste, ez eskatzea"

Euskalerria Irratia 2013ko urr. 30a, 09:50

Barkos, artxiboko irudi batean

Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosen aurka egin du UPNko diputatu Carlos Salvadorrek EUskalerria Irratiaren kontura, beste behin ere.

Euskalerria Irratiari 150.000 euroko diru laguntza eman dizeiotela eskatu du Barkosek, 2014ko aurrekontuei aurkezturiko zuzenketa proposamen baten bitartez. Eta Salvadorrek, iaz bezala aurten, Barkosek Euskalerria Irratia editatzen duen Iruñeko Komunikabideak SA enpresako akzioak dituela salatu du.

Arautegiaren arabera, enpresa horretatik etekinik jaso ez badu, Barkosek lasai aski eska ditzake harentzako diru laguntzak, eta esan gabe doa Iruñeko Komunikabideak SA enpresak sekula ez duela etekinik banatu bere akziodunen artean. Iaz jada argi geratu zen hori guztia. Salvadorrek behin baino gehiagotan eraman zuen gaia Kongresko mahaira, eta aldi guztietan atzera bota zioten.

Horren jakitun izanagatik ere, Salvadorrek beste behin leporatu dio Barkosi bere kargu publikoaz baliatzea helburu pertsonal pribatuetarako. Eta Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak, iaz bezala aurten, horren berri eman du azalean. Hori bai, aurten hizki molde txikiagoz.

Barkosek Euskalerria Irratiko mikrofonoetan Salvadorri erantzun dio azken hamar urteotan bezala aurten ere diru laguntza eskatu duela Euskalerria Irratiarentzat, baina ez helburu pribatuengatik "baizik eta irratiaren eta euskararen etorkizuna bermatu ahal izateko". Bere irudikoz, "albistea ez da diru laguntzak eskatza, albistea izan beharko litzateke behingoz EUskalerria Irratiari merezi dituen laguntza horiek eman dizkiotela".

Salvador, fiskalitatea aldatzearen beldur

Carlos Salvador denez gero salaketa egin duena, jakingarri da, Salvadorrek dirutza duela SICAV, inbertsio fondo batean. Zerga gutxi ordaintzen dute SICAV horiek, %1, eta fiskalitatea aldatzeko proposamenak egin direnean, Salvadorrek aurkako botoa eman izan du, alegia, bere interes ekonomikoen defentsan. Hortaz, bere buruari begiratu baino gainerakoen gain jarri nahi du Salvadorrek interesgunea Barkosen ustez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!