Anuska: Aldaketak

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 29a

Atzo beilatokian egon nintzen. Lagun baten ama. Gaur ekografia baten argazkia bidali dit beste lagun batek. Beste bat Madrilen egon da asteburuan. Neska bat ezagutu eta maitemindu dela kontatzen dit. Lehengusu batek lana aurkitu du, beste batek galdu. Iloba batek lagunak egin ditu eskola berrian. Izeba bat larri gaixotu da. Bikote bat elkarrekin bizitzera joan da, beste bat pisuz aldatu da, beste batek eten du harremana.

Batzuk negarrez, beste batzuk alai. Aldaketek eragindako malko eta algarak. Horrelaxe bizi ditugu norabide aldaketak, honaino hau ginen, ordutik, beste hauek. Berriez betetako asteburua izan da hau, nire lagunek emandako berrien zurrunbiloan ni, lagun, partaide. Batzuekin poza, beste batzuekin lepoan hartzea. Aurrera egin behar da. Baina gu ez gara mugitzen garen bakarrak, bizitza bera mugitzen da, ezin geldirik egon. Betikotasunak une bakar batean hartzen du atsedena, eta pasioaren zola segundu bat da.

Baina orain, ai, orain geldirik egoteko garaia omen. Ez omen gaude aldatzeko tenorean. Krisian gaude eta beraz, hobe gauden tokiari eustea. Lana baduzu, hori zaindu, datorrena datorrela. Etxe bat erosia baduzu, ez saldu, eta bikotekidearekin erdibana erosia bada, orduan bikotekide bera ere mantendu. Ez abenturarik hasi, ez dirurik, ez indarrik jokoan jarri. Kontuz, eta ez konfiantzarik izan. Garai arriskutsua da. Izan beldur. Eutsi.

Eta orduan ingurura begiratu eta ikusi zenbat aldaketa, zenbat krisi. Krisia hitza berak ez al du aldaketa esan nahi? Eta aldaketa sakonak ematen dira, krisi garaian eta krisi garaiatik kanpo. Eta protagonistak pertsona berberak dira. Ez al gara aldaketetan adituak? Bizitza berak irakasten digu egunero. Eta laguna zarenean, eta lagunek norabide aldaketak hartzen dituztenean, edo behartuta daudenean hartzera, ez al dituzu sostengatzen, eta beldurrak uxatzen laguntzen?

Nire lagun batek, lehen aipatu bezala, harreman berria hasi du, eta larriena da berak baino lagunek dutela beldur gehiago, eta esaten diote: unea bizi, gozatu, ez oso luzera begiratu. Hori da gaur egun askotan entzuten dugun beste mezua, unean unekoa. Eta ez da mezu txarra, orainaldian bizi behar dela, bai, hori ondo dago, baina ez beldurra baldin bada mezuaren oinarria. Etorkizuna ez da zertan beltza izan behar. Eta gaur eraikitzen dugunak zentzua dauka, ondo atera ala ez. Norberaren lorpenek hasiera izan zuten noizbait, profesionalean eta pertsonalean ere, arriskatu zuenak gaur du saria, eta saiakera berak, porrot egiten badu ere, garapena dakar, ikaskuntza, ez da inoiz debalde. Ez da inoiz porrota.

Unea krisia da, ados, bizi dezagun, baina ez geldirik, ez gainean erortzen zaigun zerbait bezala. Gainera eroriko zaigu baldin eta geldirik bagaude, erorketaren zain.

Heriotza berak zentzua ematen dio bizitzari; mugatasuna ematean, ez al du bere benetako balioa ematen? Harremanak ere mugitzen dira, aldatuz doaz, gu geu aldatzen garen bezala, gu geu aldatzen gaituzte; horietan ere, saiatu, arriskatu, eta irabazi, betikotasuna ez, beharbada, eta eskerrak, betikotasuna gauza geldien irudia baitda, baina bai beldurrik gabeko zeruertz zabal bat. Unea ezin da muga izan, ibiltzen dugun bide kontziente bat baizik.

Ama galdu duen laguna besarkatu dugu, une gogor honetan beroa emateko, hobekien pasa dezan. Eta esan diogu, tristura pasako dela, eta amak emandakoaz hitz egin dugu. Hilkutxa itxita dago, eta gainean argazki bat. Irribarretsu dago, eder.

Hartzazu zeure argazki albuma eta egin atzera, zure aurpegia ikusi eta ingurukoena. Nola aldatuz joan diren, bai aurpegierak bai protagonistak. Batzuen etorrerak eta beste batzuren hutsuneak. Gehienetan, irribarreak nagusi. Horixe ematen diogu kamerari, horixe da gorde nahi duguna. Horrela ematen diogu elkarri gure bizipenen onena, elkarri adorea eta konfiantza.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!