Maria Solana: Villavesa galdu

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 29a

Anormala dela diote; anormala omen naiz jendarte honetan gidatzeko baimenik ez dudalako.

"Ez duzula gidatzeko baimeniiiik?"

Are larriagoa da baldin eta emakumezkoa bazara, gaztea eta etxetik kanpo lan egiten baduzu. Gainera ama. Ez da posible.

Baina, hala da. Eta oso lasai bizi naiz, autoa behar dudalarik badudalako nork eramanen nauen eta bestela villavesak erabiltzen ditudalako.

Hartara, villavesen horretara nahi nuen heldu. Iruñea hiri erosoa dela esan dugu mila bider; tamaina honekoa, ez oso handi, ez oso txiki. Eta oinez zein bestela berehala heldu zaitezkeelarik edonora.

Mugikortasuna jasangarria ahalbidetzen lagungarriak dira Villavesak. Baina, azken boladan mugikortasunaren egunetan autoz betetzen dituztenez oinezkoen plazak, Mankomunitatearen Villabesen zerbitzuaren aldeko apustuaren inguru zalantza badut.

Dirua behar da inbertitu zerbitzu on, arin eta garestiegi ez dena eskaintzeko. Gobernuak dio ez duela dirurik, Udalak dio ezin duela orain ordaintzen duenaz gainera, beste milioi bat euro horretara bideratu. Badirudi ere tasen bidez dirua biltzearen proposamena geldirik dagoela. Bata, bestea edota bestea dela irtenbidea, dirua hiritarron sakelatik irtengo da beste behin; bitarteko enpresaren neurrira, eta ez erabiltzaileon beharren arabera.

Eta bien bitartean erabiltzaileak hortxe, geltokian, hurrengo villavesa noiz helduko zain; pantailan minutu barru helduko dela jartzen badu ere, gehiago itxaron beharko dugula badakigula. Ongi ordainduta bidai laburra eginen dugu. Eroso eta seguru bai, baina garesti.

Aitzinera ikusi beharko dugu, garesti, berandu eta estu ez ote gabiltzan gai honetan ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!